“Lastima da – dio Javier Zubizarreta alkateak – aurten festetako zapia kaxoian gordeta eduki behar izatea, Ondo pasau Andramaixek ez abestea eta ekitaldiez ez gozatzea. Pena da, nola ez, baina bizi izan duguna bizita, guztiok konprometitu beharra daukagu eta gure elkartasuna erakutsi festarik EZ-eko egunetan ere”. “Distantzia, maskara eta eskuen garbiketa. Badakigu zein den formula, baina laugarren osagai bat behar-beharrezkoa da: arauak betetzeko bakoitzaren determinazioa. Hori guztia gabe, emaitza oso kaltegarria izan daiteke. Horregatik, eskatzen dut, eskatzen dugu, mesedez, zentzuz ibiltzeko gutako bakoitzaren portaera giltzarri delako”, gaineratu du alkateak.
Alkateak onartu du ez tabernariek eta ez Udaltzaingoak ez dutela lan erraza eta horregatik elkarlanari egiten dio dei, egoerak eskuetatik inori ihes egin ez diezaion. “Neurriak hartuko dira. Tabernetako edukiera kontrolatuko da, baita ordutegiak ere, zaintza indartuko da eta oreka mantentzeko ahal den guztia egingo da, baina guztiok izan behar dugu egiten ari garenaren kontzientzia eta ardura. Eta kritikoak ere izan behar dugu, ondokoa ez bada egin beharrekoa egiten ari. Inork ez du nahi berriro etxean sartuta egoterik. Ba garaiz gabiltza oraingoz. Eskuak garbitu, maskara ipini eta distantziak jartzen ditugun bakoitzean covid 19ari borroka irabazten ariko gatzaio”.
Alkatea aurreko astean berriro bildu zen hainbat ostalarirekin euren lokaletan kontrola areagotu beharra zeukatela azaltzeko. Establezimendu bakoitzari dagokio edukiera eta maskaren erabilera kontrolatzea, baita taldeen arteko distantziak ere. Terrazetatik kanpo kontsumoa debekatuta dago eta baita botiloiak ere.
“Jendea lehen afalostean ateratzen bazen, orain goizean goizetik atera daiteke eta pentsatu, lehen gauez egiten zuen gauza bera egin dezakeela. Horrek nahasmena ekarri dezake. Horregatik ez gara aspertuko esaten Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu!”, dio Javier Zubizarretak.
Alkatea gaur bildu da Udaltzaingo eta Ertzaintza buruekin datozen egunetan hartuko dituzten neurriak jorratzeko.