Alderdien ekarpenak
Gaur goizean aurkeztu die dokumentua Hirigintza Arauen erredaktore taldeak Lurralde Batzordeko kideei, non alderdi guztiak ordezkatuta dauden, EH Bilduk eta Azkoitia Bai-k dokumentuaren gainean egindako ekarpen eta eskaera guzti guztiak txertatu ostean. Dokumentuaren azken bertsioa eskuan dutela, orain alderdi guztiek denbora epe bat izango dute edukia berriro aztertzeko, Lurraldea Batzordearen hurrengo bilera deitzen den bitartean. Lurralde Batzordak orduan irizpena eman beharko du eta aurreikusitakoaren arabera, irailaren 30eko udal osoaren ohiko bilkuran bozkatuko da dokumentua. Jarraian erakusketa publikoan jarriko da eta EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari helaraziko zaio baimendu dezan.
Pauso bat gehiago
EEHen plantak eragozteko eman beharreko urratsak ematen aritzeaz gain, Udala haratago joan da. Izan ere, EAEko Nekazararitza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak berez ahalbidetzen du zabortegiak, hondakindegiak edota EEH plantak eraikitzea landa lurzoruan. Erkidegoko udalerri guztietan aukera hori indarrean dagoela ikusita, Udalak mugatu egin nahi du. Horregatik, plan sektorialak ahalbidetzen dituen zabortegi, hondakindegi eta EEH plantak galarazteko beharrezkoa den tramitazioari ekingo dio, jakinaren gainean egonda araudiek jerarkia dutela eta udal eskumen ororen gainetik dagoela plan sektoriala, horrek azken erabakia EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen esku uzten duelarik.