Eptisa Cinsa Ingeniería y Calidad S.A enpresak idatzi du proiektua eta Gi-631 errepidean aurreratzeko errei bat izango duen tarte bat aurreikusten da, ibilgailu arinen ibilbide denbora murrizteko. Bi noranzkoetan txandaka jarriko dira aurreratze tarteak eta egungo errepidearen plataforma zabaldu egingo da bi erritik hirura, 1,3 km-ko tartean. Aipatu tartea justu Azkoitia eta Urretxu arteko 13 kilometroko ibilbidearen erdian kokatuko da. Horrela, noranzko bakoitzean, txandaka aurreratzeko tarte seguru bat eraikiko da, 400 metrokoa bakoitza.
Era berean, proiektuak aurreikusten du errepide zati horretan trazatua hobetzea eta itxaroteko erdiko erreiak egitea bidegurutze batzuetan segurtasuna hobetzeko.
Proiektua erakusketa publikoan egongo da abuztuaren 15era arte.
Aldi berean, Construcciones Zubieder enpresak duela pare bat aste hasi zituen Aizpurutxon oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak. Obra hauek, lehen faseari dagokieneak, lau hilabeteko iraupena dute eta 257.366,07 euroko aurrekontua.