Horren ondoren, obrak esleitu gabe geratzeaz gain, uztailaren 20an bildutako Visesaren Administrazio Kontseiluak erabaki du bertan behera uztea Azkoitiko Udalarekin zuen hitzarmena. Babestutako etxebizitzen ohiko promozioa ez izateagatik, hitzarmenean espresuki jasota dago Visesak akordioa bertan behera uzteko aukera, galera ekonomikoak 100.000 eurotik gorakoak izatekotan. Argudiatu du, gainera, Euskadiko etxebizitza politika printzipioek kontsideratzen dutela jabetzan emateko diren babestutako etxebizitzak autofinantzatuak behar dutela izan, baliabide publikorik kontsumitu gabe. Horregatik sozietate publikoarentzat bideraezina bihurtu da proiektua.
Eraikinak kultur ondare monumentu izendapena du eta bere konplexutasun teknikoaren eraginez, hasierako inbertsio aurreikuspenak igotzen joan dira. Etxea hustu ondoren 3Dn egindako eskaneatuek eta barruko hormaren azterketak argi utzi zuten hasierako kalkuluak baxuegiak zirela. Hilabete hauetan, hainbat bilera egin dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta Ondare Kulturalaren Zuzendaritzarekin eta eragozpenei konponbidea eman ahal izan zaie baina Visesak hitzarmena baztertzearekin orain arte egindako ibilbide luzeari itxiera eman dio.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailburuordetzak eta Kultura Sailak eta Azkoitiko Udalak 2015ean adostu zuten eraikin historikoa birgaitzeko izapideak hastea. Udalak etxejabe guztiekin negoziazioak hasi zituen eta eraikinaren jabetza eskuratu zuen, guztiz geldituta zegoen egoera desblokeatuz. Ordutik pixkanaka baina etenik gabe urratsak ematen joan da, Visesa obren lizitazioa ateratzera heltzeraino.
Idiakez Ederra etxearen etorkizuna birplanteatu beharra izatea kolpea da Udalarentzat, 2009tik andamioen azpian dagoen eraikin historiko bati erabilera soziala ematea oso aukera egokia baitzen eta orain, etenda geratu da bide hori.
Javier Zubizarreta: “Atzerapauso honek ez gaitu geldiaraziko”
Javier Zubizarreta alkatearen hitzetan, “Visesaren erabakiak min egin arren, zenbakiei loturiko administrazio kudeaketaren baita ulertu behar da. Eraikinaren singularitateak hain esku-hartze zehatza eta kirurgikoa eskatzen du, orain arteko ahalegin guztia alferrikakoa izan dela. Zailtasunak gaindituko zirenaren ustearekin, proiektuari tira eta tira egin zaio baina azkenean, babestutako 16 etxe eraikitzeko hartutako konpromisoa etsipenean geratu da eta Udalari dagokio berriro Idiakez etxearen etorkizuna birplanteatzea 2015ean egin genuen bezala, nahiz eta jakin bidea luzea eta neketsua izango zela. Berriro egingo dugu”.
Onartzen du galera handia dela baina baikor agertzen da. “Egia da epe batzuk zehaztuta zeudela eta giltzen entrega 2023rako aurreikusten zela. Bagenuen, eta arrazoiarekin, esperantza, begietako mina egiten duten andamio horiek kentzen aurki ikusiko genuela. Baina atzerakada honek ez gaitu geldiaraziko. Formula eta aukera berriak aztertzen hasita gaude bideragarritasun bat bilatzeko”.