Beste proiektu garrantzitsua Txalon Errekako bidea da. Azkoitia Lantzeni eragiten dio baina lanean ari dira bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko eta garatzeko.
Aurrekontuen egokitzapenak arrazoi nagusi bat du. Udal Finantzaketarako Foru Fondotik aurreikusitakoa baino 1.689,273,40 euro gutxiago jasoko ditu Udalak eta murrizketa hori izan daiteke are eta handiagoa. Horretaz gain, Udalak 230.000 euro bideratu ditu Gurutze Gorriari laguntzera eta merkatari, ostalari eta zerbitzuei zuzendutako diru-laguntzetara. Itxita edo erdi itxita egon diren establezimenduei tasen ordainketetan egindako salbuespenek ere diru-sarrerak jaitsiarazi dituzte.
Udalaren egoera ekonomikoa ona den arren eta 3.340.142,91 euroko gerakina duen, garatu nahi diren proiektuen kostuak ere oso altuak dira. Testuinguru honetan, Udalak alde batera utzi behar izan ditu momentuz eta berriro heltzeko modua iristen den arte, bi proiektu: tenisko pisten estaltzea eta skate eta kalistenia bezalako kirol diziplinentzat eraiki nahi zen parkea. Proiektu bien artean 600.000 euro batzen dituzte.
Halaber, beste hainbat partida ez erabilgarri izendatu dira helburuak ezin direlako bete egungo egoeran. Esaterako, Andra Mari jaiei bideratutakoa, Xabier Munibe ikastolari ematekoa zen laguntza 50. urteurrenaren harira edota danborradako batzordeari zuzendutakoa. Blokeatu diren partida hauen balioa 396.850 eurokoa da.
Dena den, egoerak ahalbidetzen badu, partida hauek berriro erabilgarri jar daitezke.