Egitasmoak bi helburu nagusi ditu. Batetik eskaintza turistikoa sortu eta barne turismoa sustatzea eta bestetik, gure ondare historiko kultural eta naturalaren gaineko sentsibilizazioa areagotzea.
Bestalde, covid 19ak sortu duen egoerara moldatu da programa. Bisita eta jarduera gehienak aire librean izango dira eta partaideek maskara eraman beharko dute. Bisitetan, berriz, gehienez 15 lagunek hartu ahalko dute parte, segurtasun neurriak gordez.
Urola Erdiko bisitetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatzen da 943 15 18 78 telefonora deituz edo info@tierraignaciana.com -era idatziz.
Horra Azkoitiko eskaintza:
Uztailak 26 eta irailak 20, 12:00etan
“Jauregi eta dorretxeen artean”. Bisita gidatua
Multzo monumental izendatutako gune historikoa du Azkoitiak bertan dauden dorretxe, jauregi eliza eta bestelako eraikinei esker, Balda Dorretxea, Idiakez Dorretxea, Amabirjinaren jasokundeko parrokia... Berauek ezagutzeko espreski egin den ibilbide honek XVI. mendean bete betean murgilduko gaitu.
Abuztuak 5, 10:00etan
“Ibilbide historikoa, Loiolatik Baldara”
Aitz-goiti eta Aitz-beiti, Iraurgi bailara sorrera, historia, paisaia eta kultura. Nondik gatoz, eta zer gara. Loiolako Santutegitik abiatuta Izarraitz mendikatearen babesean Balda dorretxera ibilbide zoragarria. Euskaldun unibertsalena, Loiolako Inazio mundura ekarri zuen lurraldeaz gozatzeko parada.
Abuztuak 9, 10:00etan
“Xoxoteko Inazio, bailarako zaindaria. Aittola-Xoxote
Urolako biztanle gutxi batzuk ez dira inoiz egon Xoxoteko gainean, haraneko zaindari bat bailitzan kokatzen den San Inazioren estatua harrigarriaren oinetan. Bertatik dagoen ikusmirak Aittolako zelaitetaik dagoen ibilbidea egitea konpentsatzen du. Gure ibilbidean, mendi horiek ezkutatzen dituzten balio natural eta etnografiko ugariak miresten geldituko gara.