Azterketak Azkoitian egitearen arrazoi nagusia da Covid 19ak ekarritako segurtasun neurriak mantentzeak espazioa areagotzea eskatzen duela. Segurtasun tarteak errespetatu ahal izateko toki gehiago behar zenez, Gaztaneneako instalazioak aprobetxatzea erabaki dute arduradunek, ikaslegoaren erosotasunerako.
Eraikinera sartu aurretik, ikasleek eskuak garbitzen dituzte eta tenperatura hartzen zaie. Mahaien artean distantzia mantendu arren, azterketa musukoa jantzita dutela egiten dute. Gainera, azterketara aurkeztu direla egiaztatzen duen ziurtagiriari mugikorrarekin argazkia ateratzen diete ikasleek, zentrotik paperik ez ateratze aldera. Arriskuak saihesteko egun hauetan azterketetan hartzen ari diren neurriak dira, besteak beste.
2020-2021 ikasturtean Hizkuntza Eskolaren eskaintza zabalagoa izango da
Hizkuntza Eskola Ofizialak 2016-2017 ikasturtean zabaldu zituen ateak Azkoitian. Orduan ingelesa baino ez zen irakasten. Ordutik, ordea, eskariarekin batera eskaintza areagotzen joan da urtez urte. Ingelesaren irakaskuntzari, alemana, frantsesa eta euskara gehitu zaizkio. Halaber, hizkuntza bakoitzean mailak ere gehitzen joan dira.
“Egia esan –dio Marijose Arregi Hezkuntza zinegotziak– pozik gaude eskolaren ibilbidearekin. Ikasle kopurua gorantz doa eskaintza zabaltzen doalako. Beti nahi izan dugu aukera eman gazte zein helduei hizkuntzak ikasteko formazioa eta hizkuntzen ezagutza giltzarri direlako bai garapen pertsonalerako eta bai garapen profesionalerako. Uste dut inbertsiorik onena formazioari bideratutakoa dela eta Udaletik horretan saiatzen gara”.
2020-2021 ikasturteari dagokionez badira nobedadeak. Frantsesean orain arte A1 eta A2 mailak ematen ziren. Datorren ikasturtean B1 maila ere eskainiko da.
Alemanaren kasuan 2020-2021 ikasturtean A2, B1 eta B2.1 irakatsiko dira, azken hau estraineko aldiz. Bestalde, A1 maila kentzea erabaki da.
Ingelesari dagokionez gaur egun dauden talde eta maila berak mantenduko dira, B2.1, B2.2 eta C1, alegia.
Euskararekin zer erabakiko den oraindik ez da zehaztu, eskaria aztertzen ari baitira.
2020-2021 ikasturteko matrikula epeak
Matrikula epea irailaren 1etik 24ra izango da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtea gainditu dutenentzat. Gainditu gabe edo azterketara aurkeztu gabe geratu direnentzat, berriz, irailaren 25etik 30era.