Dena prest dago “Herria Berpizten” lelopean eskainiko den emanaldirako. Udala arduratu da soinu ekipamenduaz eta azpiegiturez eta taldeak berak diseinatu du jarraituko den protokolo guztia segurtasun neurriak bermatu ahal izateko Udalaren oniritziarekin. Izan ere, aire libreko ekitaldiak hasi badira ere, oraindik urriak dira. Bulego Taldeak Donostiako Jazzaldiaren jarraibideak hartu ditu erreferentzia gisa proposamena gauzatu ahal izateko.
Ostegunean jarritako sarrerak agortzen badira, guztira 304 ikus-entzule bilduko dira Oteiza Frontoietan. Bakoitzari dagokion eremua emango zaio eta kontzertuak irauten duen bitartean ezingo da inor hara-hona ibili. Dena ondo joateko hogeitaka bolondres arituko dira lanean ikus-entzuleak euren tokietara gidatzeko eta behar duten arreta eskaintzeko.
Ikus-entzuleen artean gomendatutako distantziak mantenduko dira. Hala ere, sarrera-irteeretarako maskara beharrezkoa izango da.
Ibilgailuentzat trafikoa itxiko da
Kontzertua 19:30ean izango da. Aurrez, 18:00etan, Aingeru kalea itxiko da Baztartxo paretik Aizkibel kalera eramaten duen bidegurutzerainoko tartean. Beste aldetik, Mekoletako biribilgunetik datozen ibilgailuak Aizkibel kaletik jarraituko dute bidea Floreaga alderantz, pilotalekuetara sartu ordez.