Orain, osasun-larrialdiak eragindako hilabete gorabeheratsuen ostean, eskualdeko herrietan erosketak egiten dituzten bezeroei eskertza egin nahi zaie. Horretarako, erosketa karroak zozkatuko dituzte hiru udalerritako 200 saltokitan, aldi berean. Ekainaren 15etik 29ra bitartean Herrixen, Bertan eta Zestoa Zuretzat elkarteetako establezimenduetan erosketak burutzen dituzten bezeroei boletoak betearaziko zaizkie eta, modu horretan, zozketan parte hartuko dute. Saltoki bakoitzak erosketa karro bana izango du zozkatzeko. Ekainaren 30ean zozketa egin eta irabazleekin harremanetan jarriko dira merkatariak.
Ez da kasualitatea opari moduan erosketa karroak ematea, izan ere, Merkataritza Mahaiko kideek adierazi duten moduan, “erosketa karroa herrian erosten jarraitzea ahalbideratzen duen tresna da; erosotasun, gertutasun eta jasangarritasun baloreak biltzen dituena”. Horrela, herrian erosten dutenei bide beretik jarraitzea erraztu nahi zaie.
Aldi berean, zozketak eskertza bat ere izan nahi du. Izan ere, orain inoiz baino gehiago, bertan kontsumitzen dutenek mantentzen dituzte bizirik dendak eta, ondorioz, herriko kaleak. Hau dela eta, kanpainak Zuretzat opari mezupean, garai gogorrenetan ere bezero fidelak direla erakusten dutenak saritu eta eskertzea du helburu.
Oparitzat emango diren erosketa karroek, Urolako trenaren irudia daramate serigrafiatuta, hiru herrien arteko lotura irudikatuz. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako merkatariek bezeroei zuzenduta elkarrekin burutzen lehen kanpaina da honakoa, elkarlan-bide berri baten hasiera, beraz.
Merkatari Elkarteetatik adierazi duten moduan, “jarrai dezagula erosketa karro ugari ikusten kaleetan, herria bizirik dagoenaren seinale izango baita”.