Elkarguneko instalazioetan gimnasioa eta igerilekuak erabili ahalko dira baina erabiltzaileek aurrez erreserba egin beharko dute online edo Elkarguneko harreran bertan. Erreserbak egiteko plataforma digitala erabilgarri egongo da astelehenetik aurrera.
Zubiaurre Elkarguneko ordutegia ere aldatu egingo da higiene eta garbiketa lanak burutu ahal izateko behar den maiztasunarekin.
Zubiaurre Elkarguneko igerilekua
Ondorengo ordutegia izango du:
• Astelehenetik ostiralera: 07:00-13:30 / 14:30-20:45
• Larunbatetan: 09:00-13:30 / 14:30-19:45
• Igandetan eta jaiegunetan: 09:00-13:45
Edukierari dagokionez, igerilekuaren kale bakoitzeko bi lagun ibili ahalko dira, alegia, 12 lagun guztira. Igerileku txikian, berriz, aldi berean gehienez 8 erabiltzaile ibiliko dira.
Aldagela berria eta zaharra txandaka erabiliko dira baina dutxak ez dira martxan egongo.
Zubiaurre Elkarguneko gimnasiorako ondorengo ordutegietan emango dira txandak:
• Astelehenetik ostiralera: 07:00-08:30 / 08:30-10:00 / 10:00-11:30 / 11:30-13:30 / 14:30-16:00 / 16:00-17:30 / 17:30-19:00 / 19:00-20:45
• Larunbatetan: 09:00-10:30 / 10:30-12:00 / 12:00-13:30 / 14:30-16:00 / 16:00-17:30 / 17:30-19:00 / 19:00-19:45
• Igande eta jai-egunetan: 09:00-10:30 / 10:30-12:00 / 12:00-13:45
Gimnasioko makinak bi gelatan banatuko dira elkarren arteko tartea bermatzeko. 45 lagun sartu ahalko dira, makinako pertsona bat. Begirale bat arduratuko da osasun neurriak eta erabilera egokia bermatzeaz.
Gimnasiora joateko derrigorrezkoa izango da bi toalla eramatea.
Erabiltzaileak ezingo du dutxarik eta aldagelarik erabili eta ordu-mugak errespetatu beharko ditu.
Gimnasioan bertan egongo dira aparailuak desinfektatzeko beharrezkoak diren produktu eta gainerakoak.
Ugarteigarango igerileku irekiak
Ugarteigarango igerilekuak ere prest daude uda sasoiari ongi-etorria emateko. Hori bai, segurtasun neurriak betetzeko ezarritako arauak errespetatu beharko dira diseinatutako protokoloaren arabera zainduz edukiera, distantziak, e.a. %60ko edukierarekin zabalduko dira ateak.
Ugarteigarango instalazioek 1.400 laguneko edukiera dute egoera normalean. Berez, helduen igerilekuan 314 pertsona sartzen dira eta umeen igerilekuan, 42 haur. Ondorioz, 840 pertsonak izango dute sartzeko aukera instalazioetara, helduen igerilekura 188k eta umeen igerilekura 25ek.
Igerileku itxirako edo gimnasiorako egingo den bezala, igerileku irekietarako ere beharrezkoa izango da aurrez txanda hartzea.
Igerilekuen ordutegia izango da 10:30etik 14:45era eta 15:45etik 20:00etara. Eguerdian ordubete itxi egingo da desinfekzio lanak burutzeko. Gauza bera egingo da iluntzean instalazioak itxi ostean.
Erabiltzaileek hainbat arau bete beharko dituzte segurtasuna bermatze aldera. Besteak beste, ezingo dira txirristak edo zelaiko mahaiak erabili, ezta aldagela eta dutxarik ere.
Zelaian arduradun bat egongo da arauak betearazteko. Seinaleak jarrita egongo dira jarraibideak argi izateko eta errespetatzea eskatuko da.
Maskarak derrigorrezkoak
Bai Elkargunera bai Ugarteigarango igerilekuetara sartzeko derrigorrezkoa izango da musukoa eramatea. Kirola egiteko bakarrik kendu ahalko da maskara Elkargunean. Igerileku irekietan ere musukoa jantzita eraman beharko da zelaian bi metroko distantzia mantendu ezean.
Nola egin erreserba Elkargunerako eta igerileku irekietarako:
• www.elkarguneazkoitia.eus atarian esteka bat jarriko da erreserbak egiteko. Esteka klikatuta, erreserben plataforma digitalera sartuko da erabiltzailea eta bertan zerbitzu guztiak agertuko zaizkio ordutegiarekin. (Online erreserba egiteko ezinbestekoa da bazkide izatea)
• Elkarguneko harreran igerileku irekietarako, Elkarguneko igerilekurako edo gimnasiorako. (Bazkide eta ez bazkideek)
• Igarteigarango harreran igerileku irekietarako. (Bazkide eta ez bazkideek)
Online erreserbak egiteko, bazkidea plataforma digitalean sartu beharko da eta bestela, Elkarguneko harreran modu presentzialean hartu txanda.
Bazkide ez direnek nahitaez Elkarguneko harreran erosi beharko dute sarrera gimnasiorako edo igerilekuetarako. Igerileku irekietarako, berriz, Elkargunean eta Ugarteigaranen bertan ere egin ahalko dute sarrera erosketa.
Bazkide bakoitzak bost pertsonentzat egin ahalko du erreserba betiere familia berekoak badira. Edozein zerbitzutarako erreserba ezingo da hiru egun baino lehenago egin eta astean gehienez lau erreserba egin ahalko ditu bakoitzak.
14 urtez azpikoei guraso edo arduradun batek egin beharko die erreserba plataforma digitalaren bidez edo bazkide izan ezean, guraso edo arduradun batekin joan eta Elkargunean edo Igarteugaranen erosi beharko dute sarrera.
Bazkide kuota uztailera arte ez da kobratuko
Ekainaren 15ean berrezarriko dira bazkidetza kuotak baina uztailera arte ez da kobratuko. Handik aurrera, hilero kobratuko da.
Apirilean eta maiatzean ez da kuotarik kobratu eta ekainean ere ez da kobratuko.
Kuota hil hasieran kobratzen denez, martxoan hilabete osoa ordaindu zuten bazkideek eta azken bi asteetan ez zen zerbitzurik eman. Berdintzeko ekaineko kuota ere ez da ordaindu beharrik izango.
Aurten gainera Elkargunea ez da itxiko abuztuan. Aurreko urteetan bi astez itxi izan da igerilekuan ura aldatu eta gabiketa lanak burutzeko. Aurten, itxita egon den garaian egin dira lan horiek guztiak eta ondorioz, zabalik mantenduko da abuztuan ere.