“Uste dut Azkarateko proiektuaren inguruko gatazkak eztanda egin eta zabortegitzat hartu ostean, eztabaidak beste norantza hartu duela. Orain eztabaida da birziklatze plantak publikoa edo pribatua izan behar duen. Prest gaude alde guztientzat onena den soluzioa bilatzeko, horixe da eta hasieratik nahi izan duguna. Pixkanaka aurrera goaz. Azkarateko plantak zabortegia izaten amaituko duela esatetik, birziklatze planta bat beharrezkoa dela esatera pasa gara”, dio Javier Zubizarreta alkateak.
Gaur egun legediak ez du onartzen Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen kudeaketa publikorik, legearen arabera, ez delako Udalen eskumena. Tokiko erakundeak hiri hondakinak bakarrik kudeatu ditzakete legez eta horien barruan sartzen dira obra txikietako Eraikuntza eta Eraispen Hondakinak. Arazoa obra handietako hondakinekin dago.
Gremioek soluzioa nahi dute
Guzti hori jorratu da aste honetan udal ordezkarien eta gremioen arteko bileran. Langileen eskaera argia da. “Soluzio bat behar dugu hau guztion arazoa delako. Gauzak txukun egin nahi ditugu, egin behar diren bezala".
Langileen ordezkariek adierazi zutenez 2009tik ari dira Eraikuntza eta Eraispen Hondakinentzat planta bat aldarrikatzen. Garbi utzi nahi izan zuten baita ez direla Larke 360 ordezkatzen ari. “Min ematen du entzuteak enpresa pribatuak ari zaizkigula ordaintzen”. “Guri berdin zaigu planta publikoa edo pribatua izan, baita kokapena ere. Dakiguna da planta bat behar dela, zabortegirik ez sortzeko. Lapatxek obra hondakinentzat planta bat izango balu, gure arazoa konponduta legoke eta ez genukeen bilera hau egin beharko”. Lapatxek, ordea, obra txikietako hondakinak kudeatzen ditu soilik, alegia, proiektu teknikorik beharrik ez duten haietakoak. “Gainera muga bat ipintzen du. Ba al daki jendeak bainugela batetik 2.000 kilo hondakin atera daitezkeela?”.
Halaber, gremioek kolore politikoa alde batera utzi eta alternatiba bilatzen saiatzeko eskatu dute.