Gehien kolpaturiko sektorea da merkataritzarena eta berpizte ekonomikoan laguntzeko Udalak hartutako lehen neurrietako bat erosketa bonuak ateratzea izan da. Herrixen elkartearekin bat, herritarren esku 1.000 erosketa bonu jarriko dira eta herriko establezimendu guztietan trukatu ahalko dira. “Nahi duguna da herritarrak jabetzea herrian bertan erostearen garrantziaz eta ohitura hori sustatze aldera, udazkenean bonuen bigarren kanpaina bat jarriko dugu martxan. Orain ikusi behar duguna da ekimenak ondo funtzionatzen duen eta aurreikuspenak betetzen al diren eta hala bada, hobekuntzak txertatzen joango gara”.
Bonuak sektoreka
Bonu bakoitza 40 eurotan erosi ahalko da eta 60 euroko balioagatik trukatu. Ondorioz, kontsumitzaile edo erosleari 20 euro aurrezteko aukera ematen dio bonu bakoitzak.
Edonola ere, kontsumoa ahalik eta gehien zabaldu dadin, oraingoan sektorezka banatu dira bonuak. Hau da, bonu bakoitza 10 euroko balioa duten sei txartelek osatuko dute eta bakoitza sektore batean edo besteak trukatu ahalko da.
Bonu edo txartel bakoitzak kolore ezberdina du sektorea bereizteko eta ze motatako establezimenduetan erabili daitekeen azaltzen da bertan. Herrixen elkarteak bost sektoretan banatzen ditu establezimenduak eta sektore horiek hartu dira erreferentzia gisa bonuak ezberdintzeko. 40 eurogatik jasoko diren sei txarteletatik, seigarrenak sektore guztietarako balioko du elikagaien multzorako ezik.
Bonu edo txartel bakoitza sektore batera mugatzearekin nahi dena da kontsumoa ez negozio mota bakar batean zentratzea eta ekimena denentzat izatea lagungarri. Txartel bakarra da edozein sektoretarako balio duena, elikaduren multzoa kenduta. Horrela eginda alarma egoeran elikagaien dendak zabalik mantendu direlako eta ez bestelakoak.
Bonu bakoitzaren erosketarekin jasotako 10 euroko txartel bakoitza ondorengo sektoreetan erabili ahalko da:
1) Elikadura, okindegiak, harategiak, arrandegiak, frutategiak, edari dendak, baserriko ekoizleak (azoka).
2) Kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, goxoki-dendak.
3) Moda, oinetakoak, osagaiak, kirol dendak, mertzeriak, bitxidendak.
4) Ile apaindegiak, estetika, masajeak, dentistak, podologia, optikak, farmaziak, parafarmaziak, drogeriak, lurrindegiak, belar-dendak.
5) Zerbitzuak, kopistegiak, papertegiak, bidaiak, aholkularitza, gasolindegiak, lore dendak, autoeskola, iturgintza, kristaldegia, dekorazioa, burdindegia, eletrogailuak, estankoak, informatika, tindategiak, pentsu-denda, aseguru etxeak, argazki dendak.
6) Orokorra. Denetan erabili ahalko da elikadura multzokoetan ezik.
Nola eta noiz eroski bonuak
Erosketa bonuak online edo presentzialki erosi ahal izango dira:
a) www.azkoitia.eus / www.dendago.com/azkoitia web orrien bitartez
Maiatzaren 21etik aurrera. Interneten 500 bonu ipiniko dira salgai. Goizeko 10:00etan jarriko dira salgai.
Erosketa egiterakoan NAN zenbakia eta helbidea eskatuko dira. Interneten erosten dituenari bonua etxera bidaliko zaio gutun ziurtatu bidez.
Erabiltzaile bakoitzak bonu bat edo gehienez bi eskuratuko ditu.
b) Kontzejupean
Maiatzaren 21ean, ostegunean.
Goizez, 10:00etatik 12:00etara. 250 bonu jarriko dira salgai.
Arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Beste 250 bonu jarriko dira salgai.
Kontzejupean ere erosle bakoitzak bat edo bi eskuratu ahalko ditu.
Kontzejupean erosten dutenei ere NAN zenbakia eskatuko zaie eta derrigorrezkoa izango da 18 urtetik gora izatea bonuak eskuratzeko. Bakoitzaren ardura izango da bonuen erabilera zuzena egitea.
Bonuak 2020ko ekainaren 30 arte erabili ahalko dira eta erosketa bakoitza 10 eurotik gorakoa izan beharko du, txartel bakoitzaren balioa 10 eurokoa da-eta.
Bonua establezimendu guztietan erabili ahalko da, supermerkatu handietan izan ezik.