Lehengo asteko asteartetik ostiralera bitartean egin zitzaizkien testak langileei Zumarragako Ospitalean. Ostiralean, hilaren 24an, berriz, ospitaleko erizain talde bat egoitzara gerturatu zen egoiliarrei proba egitera. Erabiltzaile zein langile guztiei egin zaie proba. 67 egoiliarri eta 72 langilei, hain zuzen.
Gaur goizeko deia lasaigarria izan da familientzat. “Animo eta esker oneko mezu asko jaso dugu”, dio egoitzako zuzendari Nekane Plazaolak, ukatu gabe presio handiko egunak ari direla bizitzen. “Lehenengo momentutik Osakidetza edo Osasun sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinazio estuan ari gara lanean. Une oro, zorrotz bete dugu agindutako protokokoa”. Esfortzuak merezi izan du. Hala ere, Plazaola jakitun da segurtasun neurri guztiak mantentzen jarraitu behar dutela talderik zaurgarrienaz ari garelako hitz egiten. "Elkarri laguntzen ari gara eta guztion artean ari gara guzti hau aurrera ateratzen”, gaineratu du.
Ematen ari diren zifrak latzak eta tragikoak dira nahiz eta baikorrak izateko ere arrazoiak egon. Testuinguru honetan, San Jose Egoitzako albistea ospatzeko modukoa da, osasun krisia amaitu ez den arren, eta ondorioz, zuhurtziaz jokatu beharra dagoen. Baina gaur poztea tokatzen da.