“Hau – gaineratu du alkateak – ez da Udalaren proiektu propioa eta Udalak, obra hondakinen isuriak inolako kontrolik gabe saihestetik haratago, ez du interes berezirik proiektu honetan. Eusko Jaurlaritzak baimendutako ekimen pribatua da. Esku artean nuen informazioari helduta, esan nuen Udalak ezingo zukeela proiektua geldiarazi ekintza arautua balitz. Hori horrela da. Azterketa pausatuago batek eraman gintuen ikustera, oraindik ez dagoela Arau Subsidiarioen aldaketa onartuta behin betikoz -nahiz eta aldaketaren izapidetzea duela bi urte baino gehiago hasi zen- eta ondorioz, udalbatza oraindik garaiz dago Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Plantaren ezarpena mugatzeko lurzoru ez urbanizagarrian”.
Hasieratik hirigintza arauen aldaketak EEHak birziklatzeko eremuak aurreikusten bazituen ere, Eusko Jaurlaritzak emandako baimena askoz ere zabalagoa da, eta arauen aldaketak ez du halakorik baimentzen, Eraikuntza eta Eraispen Hondakinetara mugatzen delako. Udalak nahita ere, ezingo luke eztabaidatzen ari garen proiektua babestu, nahiz eta ez izan zabortegi bat, baizik eta hondakin ez arriskutsuen kudeaketa planta.
Ahots dibergenteak gonbidatuko dira Hirigintza Batzordea
Behin betiko erabakia hartzeko xedez, iritziak argi daudela dirudien arren, partaidetza prozesua abiatuko da Hirigintza Batzordearen bueltan, aldeko eta kontrako jarrerak zuzenean entzuteko, alderdiek eta eragile sozialek eskatu bezala.
Ikuspuntu guztiak mahaigaineratuko dituzten pertsonei edota elkarteei emango zaie hitza Hirigintza Batzordeetan, behin koronabirusaren krisia gaindituta, egoera bere onera bueltatzen denean. Udala joango da xehetasunak ematen, kontaktuak eta agenda itxi ahala.
Alkateak lasaitasun mezua zabaldu du beste behin “arduraz eta koherentziaz jokatuko dugulako, herritarren sentipen nagusia errespetatuz”. Halaber, beharrezkoa ez den alarmarik ez sortzeko eskatu du “ez delako ezer oraindik zehaztu eta ez delako guztion adostasunik gabe, ezer zehaztuko”. Alkateak gaia mediatizatzeko eta herritarrak beldurtzeko asmoz zabaldutako informazio faltsuak eta akusazioak salatu ditu, eta sentitzen duela esan du momenturen batean Udaletik informazioa argi ematen ez bada asmatu.