“Administrazioa – dio Javier Zubizarreta alkateak – laguntzeko dago eta orain inoiz baino gehiago. Orain konfinamendua ondo eramatea konplexua egiten zaien pertsonek kezkatzen gaituzte, osasun arrazoiengatik, bakarrik bizi direlako, egoera honek antsietatea eta depresioa eragiten dietelako edota erasotzailearekin partekatu behar dutelako denbora eta espazioa. Lehenago edo beranduago aterako gara eta kolpe humano, ekonomiko eta sozial latza izaten ari den arren, seguru nago guztion artean buelta ematen asmatuko dugula. Guztion indarrarekin eta bultzadarekin aurrera egingo dugu”.
Egun hauetan egiteko nagusia kudeaketaren inguruko erabakiak hartzea izan da Jarraipen Mahaiaren eta arduradun gorena den heinean Javier Zubizarreta alkatearen aldetik, eta pisurik gehien Udaltzaingoak edota Gizarte Zerbitzuek hartu dute.
Gizarte Zerbitzuen sailak 65 urtetik gora bizi diren 2.380 pertsonen profilak eta egoerak aztertu ditu, zaurgarritasun egoera pairatu dezaketen gizon eta emakumeak antzemateko, bakarrik bizi direlako edota une honetan ez dutelako etxekorik ondoan. Departamentuko teknikariak telefonoz harremanetan jarri dira eurekin bizi duten egoeraz eta beharrez galdetzeko. Bederatzik eskatu dute oraingoz laguntza zerbitzua erosketak edo botikak etxera eramateko. Kasuren batean, beste eskakizunen bat ere jaso da, esaterako, butanoa etxera igotzea.
“Gizarte Zerbitzuen saila harremanetan dago egoera okerrenean dauden pertsona horiek guztiekin eta telefono deiak egiten jarraituko dugu, segimendu egokia bermatzeko”, azaldu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoak.
80 boluntario
Behin laguntza beharra duten pertsonekin harremanetan jarrita, Gurutze Gorria da laguntza kudeatzeaz arduratzen dena, erakundeak dituen boluntarioek edo herri ekimenez sortutako boluntario sareak lagunduta. Guztira 71 lagun batu dira boluntario sarera eta Gurutze Gorriak beste 9 boluntario ditu. Benetan, eskertzekoa, txalotzekoa eta eredugarria egiten dutena.
Gizarte Zerbitzuen sailak datu guzti hauen Koronabirusaren Jarraipen Mahaian aurkeztu ditu, Mahaiak lanean jarraitzen baitu sor daitekeenari aurre hartzeko.