Gaur eman dute egitasmoaren berri Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak, bidelagun zituztela Marea Urdinako eta Gautenako ordezkariak.
Ekimena gauzatu ahal izateko Udalak Teavial Andaluziako elkartearekin hitzarmena sinatu du. Piktogramen seinaleztapena erregistratuta duen irabazi asmorik gabeko erakundea da Teavial. Ondorioz, berari dagokio piktogramen erabileraren lagapena egitea. Marea Urdina elkarteak proposatu zion Udalari irudiak margotzea eta Udalak erantzun azkarra eman du inklusioan beste urrats bat emateko asmoz. “Administrazio ororen ardura da irisgarritasuna bermatzea eta irisgarritasun unibertsala lortzeko hartu beharreko neurriak hartzen joatea, eta ekimen honek nahi horri erantzuten dio”, dio Ana Azkoitia zinegotziak.
Lurrean. oinezkoen pasabidearen lehenengo marran, piktograma multzo bat -irudi edo zeinu grafikoak- ipintzean datza proiektua, ordena logikoan, tamaina eta kolore egokiekin.
Autismoaren Espektroaren Nahasmendua pairatzen duten pertsonei banda zuri-beltzek ez diete segurtasunik ematen bidea gurutzatzeko ez dutelako mezua deszifratzerik lortzen. Piktogramei esker ulertzen dute. “Baina azpimarratu behar da piktogramen lengoaia, komunikazio sistema alternatibo hau, baliagarria dela ez bakarrik autismoa duten pertsonentzat, baita hizkuntza ezagutzen ez dutenentzat, umeentzat, adineko pertsonentzat edota adimen urritasuna dutenentzat ere”, dio Marea Urdinako kide Nekane Zalbidek.
Autismoaren Espektroaren Nahasmendua dutenen kolektiboari bisibilitatea emateaz gain, piktogramen erabilerak euren autonomia eta bide-segurtasuna sustatzen laguntzen du.
Elkarteek autismoa duten pertsonek ingurua ulertzeko, bizitzeko eta sentitzeko dituzten jarraibideak eta moduak normalizatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, guztiok ikas dezagun mundua ulertzeko beste era batzuk badaudela.
Gautenako ordezkari Jimmy Brosaren iritziz, ekimen honek “AEN duten pertsonei gizartean ahalik eta modu autonomoenean parte hartzea ahalbidetzen die. Ondorioz beraien bizi-kalitateak hobera egin dezake. Horrelako neurriek pertsona orok dugun irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzea laguntzen du eta bereziki, AEN duten pertsonena”.
Teavial elkarteak material osagarri gisa gida didaktikoa eta ipuin bat ditu landuta. Udala itzultzen ari da une honetan material horri eskoletan zabalkundea eman ahal izateko.