Udalarentzat Idiakez Ederrakoa ahalegin, denbora eta kostu gehien eskatu duen proiektuetako bat da. “Hasieratik -dio Javier Zubizarreta alkateak- izan da oso zaila. Emandako urrats bakoitzak arnasa eman digu eta bagoaz aurrera, baina ez Udalak nahiko lukeen erritmoan. Finantzazio iturriak bilatzeak ere bere denbora eman du, zeren ezin dugu ahaztu babestutako etxebizitzez ari garela hitz egiten. Erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, laguntzen ari dira”.
Aurreko legealdi hasieratik egindako lana ari da emaitzak ematen. Javier Zubizarreta alkatearentzat oso albiste ona da gaurkoa. “Buru-belarri gaude proiektuan sartuta eta herritarrei pazientzia eskatzen diegu denbora behar delako denerako, baina pixkanaka aurrera doa Idiakez Ederra”. Aurreikuspenak betetzen badira, eta oraingoz behintzat ez dago kontrakoa pentsatzeko arrazoirik, 2020an hasiko dira obrak.
Bide luzeko prozesua
Eraikinaren inguruan Udalak hartutako lehenengo erabaki eraginkorra aldamioen erosketa izan zen, hileroko 6.027 euroko gastua saihestuz. Egoera guztiz blokeatuta zegoen eta huraxe izan zen abiapuntua 2015ean. Egin zen hurrengo gauza jabeekin harremanetan jarri eta negoziatzea izan zen, eraikinaren jabetza Udalari eman ziezazioten. 2016ko irailean sinatu zen Udalaren eta etxejabeen arteko akordioa.
Hilabete geroago, 2016ko urrian, Visesaren Administrazio Kontseiluak Idiakez Ederran, XVII mendeko mudejar estiloko jauregian, etxeak eraikitzea onartu zuen.
Hurrengo fasea hondakinak ateratzea izan zen. Lan neketsua eta konplexua hura ere. 408 tona hondakin bildu ziren.
2018ko maiatzean Udalak eta Visesak kronograma bat ezarri zuten eta urtea bukatu aurretik egurrezko ondarearen zaharberritzean espezializatuta dauden Alazne Ochandianok eta Mikel Landa arkitektoek egindako proiektua aurkeztu zen jendaurrean. Etxebizitzen barrukaldea eta banaketa nolakoak izango diren ikus zitekeen.
Berriki Visesak inkesta egin du Idiakez Ederran etxea erosteko interesa izan dezaketen pertsonen profila eta eskaria ezagutzeko eta lanak lizitaziora ateratzearekin beste urrats garrantzitsu bat eman da.
Dena ondo badoa, aurki ikusiko da berriro mugimendua Idiakez Ederra etxean.