“Roman gizon edadetua da, alarguna, eta iktus baten ondorioz mendekotasuna du. Seme-alabek, ordea, ez dute zaintza beren gain hartu nahi eta herriko parrokoaren bidez, emakume etorkin bat sartzen da etxean Roman zaintzeko. Egoera ilegalean dago, kontraturik gabe. Eta hor sortuko da bien arteko maitasuna”, azaldu du zuzendariak istorioa mamitzerakoan. “Seme-alabek, ordea, ez dute maitasun istorioa onartuko” uste dutelako dirua lapurtu nahi diola Julietak Romani eta seme-alabak herentziarik gabe utzi”. Trikimailuz jositako istorioa.
Bikotearen ustez, “umorea badago baina emozioa ere bai. Hunkitzen duen kontakizuna da eta hausnarketarako aitzakia” ere ematen du. “Jendea identifikatuta sentitzen da ez bakarrik Jose Ramon Soroizek antzezten duen pertsonaiarekin, baita seme-alabekin ere. Orokorrean denok gara bihotz onekoak eta ezkertiarrak tokatzen zaigun arte. Orduan ateratzen da barruan daramagun ogro moduko hori. Jarrera hori ere islatzen du obrak, denok garela oso onak eta eskuzabalak, geuri tokatu arte”.
Jose Ramon Soroizekin oholtza partekatuko dute Tanya de la Cruz aktore kolonbiarrak Julietaren paperean eta Ainhoa Aierbek, Asier Sotak eta Alazne Etxeberriak seme-alabenean. Testuaren egilea Iñaki Rikarte da.
Zuazuak gaineratu du hainbeste aktorekin eta hain testu luzearekin jokatu duen lehenengo aldia dela eta pozik dagoela emaitzarekin. “Kontatzea beharrezkoa zen istorioa dela” esaten digute.
Jose Ramon Soroizek Anartz Zuazuakin antzerkian lan egiten duen lehen aldia da eta “zuzendari gisa zorrotza eta ona” dela Zuazua aipatu du. Romeo hezurmamitzea zaila egin zaion galdetuta, baiezkoa erantzun du. “Ez nuen sekula pentsatuko adin honekin Romeorena egitea tokatuko zitzaidanik baina amodioak ez omen du adinik eta… baina bai, zaila egin zait. Kosta egin zait. Joselontxo (”Bi eta Bat”eko pertsonaia) pertsona ona zen, onarena egitea ohituta nengoen eta gaiztoarena egitea kosta egin zait. jenio bizikoa da pertsonaia eta hasarretze hori zaila egiten zait”.
Alderdi teknikotik, Zuazuak argiztapena eta eszenografia azpimarratu ditu. “Pedro Yagüe arduratu da argiztapenaz. Oraintxe bertan Madrilen argiztapenean kotizatuenetariko da eta uste dute bere lanak guztion lana hobea egiten duela. Eta gauza bera esango nuke Ikerne Jimenezetaz. Azken hau jantziez eta eszenografiaz arduratu da.
Ordu t’erdiko iraupena du antzezlanak.