Ikastetxeek eta Udalek sinatu dute hitzarmena gaur goizean aurrezte energetikoa sustatzeko eta energiaren erabileran eta kudeaketan praktika onak aplikatzeko xedez. Ekitaldian parte hartu dute Iraurgi Berritzenen presidente eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta ikastetxeen ordezkari gisa Camino Saizek.
Bailarako ikastetxeen artean, Azkoitia BHI-kin batera, parte hartuko dute egitasmoan Energiaren Mahaiko kide diren Urola Ikastolak, Karmelo Etxegarai ikastolak, Iraurgi Ikastetxeak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik.
Javier Zubizarreta presidenteak erakundeen eta ikastetxeen arteko lankidetza eta kontzientzia energetikoaren beharra azpimarratu ditu. “Erakundeak, - Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko eta Azkoitiko Udalak-, eta ikastetxeak bildu gara, gaur egun herri eta mundu mailan atzera bueltarik ez duen erronketako bati erantzun nahian. Larrialdi klimatikoari, alegia. Eta testuinguru horretan ezinbestekoa da energia kontsumoari erreparatzea eta neurriak hartzea”, esan du. “Bailara eta herri gisa geure esku dagoena egitea dagokigu, arduraz jokatzea. Bakoitzak ahal duena egiten badu, eta guztion ahaleginak batu, emaitzak etorriko dira. Gure esku dago energia kontsumoa murrizten saiatzea, bertako produktuak kontsumitzea, garraio publikoa erabiltzea, birziklatzea…”
Euronet 50/50 Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Iraurgi Berritzenek koordinatzen duen proiektu europarra da. 50/50 metodologia pizgarri ekonomikoetan du oinarria. Ikastetxe bakoitzean lortutako aurrezpen ekonomikoak kontsumo txikiagoa eta energia-eraginkortasuna hobetzea dakarten ekintzetan inbertituko dira. Ekimena aitzindaria da eskualdean, eta dagoeneko Europa osoko 500 ikastetxetan baino gehiagotan egin da, emaitza arrakastatsuekin.
Ezkerretik eskuinera, Camino Saiz ikastetxeen ordezkaria, Jose Ignacio Asensio diputatua, Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzenen presidente eta Azkoitiko alkatea eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta.
Aurkezpenean izan dira egitasmoan parte hartuko duten eskoletako hainbat zuzendari eta ikasle.
Azkoitia BHIko ordezkaria, Xabier Alberdi, Jose Ignacio Asensio diputatuarekin eta Javier Zubizarreta alkatearekin zentroa eta Udalaren arteko hitzarmena sinatzerakoan.