Badihardugu Euskara Elkarteak Ahotsak proiekua abian jarri zuenetik 2003an, Euskal Herriko txoko guztietako hizkerak jasotzen aritu da. Une honetan 362 herritako herri hizkerak ditu jasota eta sei milatik gora dira hizlariak.
“Bere garaian zabaldu zen proiektu honen berri baina uste dut benetako altxorra dela esku artean duguna eta berriro ere egitasmoari heldu eta indartzea dagokigula, eguneratzea, zabaltzea eta Azkoitiko ahozko ondare herritarren eta interesa duen ororen esku jartzea”, dio Marijose Arregi Euskara zinegotziak.
Aintzane Agirrebeña hasi da dagoeneko 2020rako aurreikusita dituen elkarrizketak egiten. Aurreikuspenen arabera, 120 pasartetik gora jasoko dituzte. “Azkoitia oso herri euskalduna da eta oso euskara ona egiten da. Baina horretaz gain adineko jende asko dago oso kontalari ona dena eta gerra aurreko kontuak-eta, oso ondo kontatzen dituena”.
Zabalkundea sare sozialetan
Bestalde, Udalak lehen eta orain egindako elkarrizketei zabalkundea emateko asmoz www.ahotsak.eus/azkoitia atarian dauden elkarrizketak ateratzen joango da sare sozialetan.