Gaur egungo errepidearen plataforman ezinezkoa da oinezkoen ibilbide segregatua egitea, ez baitago tarte guztian behar adina espazio. Hori horrela, Erdikobenta eta Ibaiondo artean errepidea mendi aldera mugituko da eta oinezkoentzat igarobidea aterako da errepide bazterrean. Ondoren, Aizpurutxo baserri parean oinezkoen ibilbidea beste aldera pasatuko da eta horretarako zubi berria eraikiko da.
Foru Aldundiak azaldu duenez Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidearen hobekuntza “proiektu estrategikoa” da eta horrela dago jasota EAJ-PNV eta PSE-Eeren arteko gobernu akordioan.
Errepide honen hobekuntza Urola Erdiko eskualdearen aldarrikapen historikoa da, Gipuzkoako Biribilgunearekin eta Zumarragako ospitalearekin lotura zuzena baitu. “Erabaki honekin, beraz, Aldundiak hartutako konpromisoak bete eta Urola Erdiarekin zegoen zorra kitatzeko pausu garrantzitsua ematen dugu”, adierazi du foru bozeramaile Eider Mendozak.
Hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu proiektuak, eskualdeko biztanleen ongizatea eta tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko baitu.
Errepide honetatik egunean 3.300 ibilgailu igarotzen dira eta %10 baino gehiago, astunak.
Proiektu honek bere osotasunean hainbat hobekuntza aurreikusten dira: bide segurtasuna hobetzeko hirugarren erraiak eraikitzea, hainbat kurben hobekuntza eta gaur onarturiko Aizpurutxo auzoaren zeharbidea. Foru Aldundiak aurreikusten duenez, 2020an aterako dira bigarren faseko lanak ere lizitaziora.