Ildo horretan, zenbait zerbitzu herrigunera jaisteko egon daitezkeen aukerak aztertzeko hausnarketa bat abiatzea adostu dute bi erakundeek.
“Pertsona nagusiak komunitatetik ahalik eta hurbilen egotea nahi dugu, baina hau epe luzera begirako prozesua da”, azaldu du Maite Peña diputatuak.
Halaber, bailaran egoitzetako plazen zabaltzearen inguruan duten plangintza partekatu du Maite Peña diputatuak bileran parte hartu duten ordezkariekin, eskariaren bilakaera eta lehentasunak azaltzearekin batera, beti ere, lurraldeko errealitatea kontutan hartuta. “Gipuzkoako itxaron zerrenda momentu honetan 652 plazakoa da. Bailaran – Iraurgi eremuan - ez dago ia gabeziarik eta Azkoitiko itxaron zerrenda une honetan hiru pertsonakoa da”.
Gaurko bilerak planteatutako bidetik aurrera egiteko balioko du. Udal ordezkariekin eta Egoitza Kalerako kideekin bilera amaitu ostean, alkateak, Ana Azkoitia alkateordeak eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoak bigarren bilera izan dute Maite Peña diputatuarekin. Bidelagun izan dituzte Gipuzkoako Erakunde Publikoen zuzendari Elena Basagoitia eta Plangintzako, Inbertsioetako eta Prestazio Ekonomikoetako zuzendari nagusia den Carlos Alfonso. Herriari eragiten dioten beste hainbat gai sozial izan dituzte hizpide.