Azkenaldian herritarren iritzian eragiten ari den gaietako bat San Jose Egoitzaren tokialdaketa da eta udal agendaren baitan, lehentasuna duen kontua. Halaber, maiatzeko azken hauteskundeak markatu dituen proposamena izan da, alderdi politiko guztiak hausnarketara bultzatuz. Udalak joan zen apirilean aurreratu zuen egoitzaren tokialdaketa ez dela bideragarria epe labur eta ertainean. Ondorioz, zentroko erabiltzaileentzat eta familientzat garraio zerbitzu pertsonalizatua martxan jarriko zuela. Halaber, Javier Zubizarreta alkateak hainbatetan adierazi du adi egongo dela Azkoitiko pertsona nagusien arreta hobetzea ahalbidetuko duen edozein aukeraren aurrean.
Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko bileran landutako gai zerrendaren baitan zeuden Kabia erakundeari egindako lagapenaren likidazioa, San Jose Egoitzan egin daitezkeen inbertsio posibleak edota apartamento tutelatuen erabileraren inguruko balorazioa. Udal ordezkariek, bilera aprobetxatuz, Egoitza Kalera mugimenduak bildutako 3.244 sinaduren berri eman zioten diputatuari, Egoitza Kaleraren eskaera egoitza herriaren erdigunera tokialdatzea dela azalduz.
Udal ordezkari gisa, bileran Javier Zubizarreta alkateak eta Ongizate zinegotzi Janire Igoak parte hartu dute Ana Azkoitia Ogasun zinegotziarekin eta Iñaki Lasa teknikariarekin batera. Foru Aldunditik, berriz, Gizarte Politika diputatu Maite Peña eta Erakunde Publikoen zuzendari Mª Elena Basagoitia izan dira.
Udal ordezkariek eskertzen dute diputatuak laguntzeko eta lanean jarraitzeko erakutsitako prestutasuna.
Egoitza Kalerako kideekin biltzeko prest agertu da diputatua
Maite Peña diputatua prest agertu da uda ondoren Egoitza Kalerako kideekin Azkoitian bertan biltzeko, adin nagusiko pertsonentzat Gipuzkoako bailara ezberdinetan dauden egungo egoitzen egoera eta datozen urteetarako aurreikuspenak azaltzeko.
Egoitza Kalerari komunikatu zaio diputatuarekin bilera egiteko aukera eta begi onez hartu du.
Udala garraio zerbitzua lehenbailehen martxan jartzen saiatuko da
Bitartean, Udala lanean ari da lehenbailehen garraio zerbitzu pertsonalizatua martxan jartzeko San Jose Egoitzako erabiltzaileentzat eta haien familientzat, zentrotik joan-etorriak errazteko.