Eskualdeko enpresen benetako beharrei ahalik eta ondoen erantzutea eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gaitasun teknologikoak enpresetara gerturatzea, gaitasun horiek aprobetxa eta balioa emateko. Hori da hitzarmenaren helburu nagusia. Horretarako, funtsezkotzat jo da ikerketa-zentroen eta garapen-agentzien gaitasunak batu eta elkarlanean aritzea.
Aurreikuspenen arabera, lankidetza bi urtekoa izango da, eta metodologia zehatz bat erabiliko da, "Opportunity Map" deritzona. Prozesua lau faseetan garatuko da: lehenik, eskualdeko gaitasunak aztertuko dira, haietako bakoitzaren lehentasunak ezartzeko eta bakoitzak zer ekoizpen-sare duen jakiteko; bigarren, prozesuan parte hartzeko interesa duten enpresak bilduko dira; hirugarren, negozio-aukera berriak identifikatu eta garatuko dira: eta, azkenik, jarduera ekonomiko berria ezarriko da.
Testuinguru ekonomikoa
Eustat-en datuen arabera, 2013an 180.000 enpresa-establezimendu zeuden Euskadin; horietako 62.000, Gipuzkoan. Zenbateko hori %14 jaitsi zen 2008koarekin alderatuta; hain zuzen ere, urte horretan hasi zen krisia, eta urte horretan iritsi zen enpresa-sarea mailarik gorenera Gipuzkoan, industria-sektoreen eta atzerrikoekin burututako jarduera komertzialen arrakasta zela eta.