- Gutxieneko horiek buruan, bigarren fase batean EAJ, Azkoitia Bai, EH Bildu eta Zero Zabor sistema berria adosteko ahaleginetan ibili dira. Plataformakoei ere egin zitzaien bileretara batzeko deia, baina ez parte hartzea erabaki zuten. Bilera horietan bi printzipio izan ditu oinarri: aipatuako gutxieneko horiek bermatzen dituen sistema eraginkorrena ezartzea, eta sistema horren inguruan ahalik eta akordio gehien lortzea. Hori buruan, hainbat bilera egin dira, eta azkenean sistema mixto bat jartzea erabaki da. EAJk, hain justu, berak jarri zuen mahai gainean Legazpiko sistema hasieran.
- Udalaren ateak uneoro egon dira zabalik, eta hala daude; hitz egiteko eta akordioetara iristeko prestutasun guztia izan du. Baina beste batzuek itxi dizkigute guri ateak, eta modu oso ezegokian gainera. Ostiralean atez atekoaren aurkako Plataformak antolatutako bileran hitz egiteko aukera ukatu zitzaigun eta Plataformari dei egin nahi diogu arduraz jokatzera eta modu eraikitzailean parte hartzera hondakinen kudeaketa hobetzeko hasitako prozesuan......
- Sistemaren inguruan zabaltzen ari diren hainbat gezurrekin kezkatuta dago Udala eta argitu egin nahi ditu, herritarrak informazio osoa eta kontrastatua izan dezaten:
- Martxan jartzera goazen sistema ez da atez atekoa: Atez atekoan hondakinen frakzio gehienak atez ate jasotzen dira. Azkoitian martxan jartzera goazen aldaketarekin, birziklatu eta sailkatu ezin den hondakina da atez ate jasoko den bakarra, astean behin, horretarako proposatuko zintzilikarioetan (Ekarpenak egiteko epea zabalik dago). Gainontzeko hondakinak edukiontzien bitartez aterako dira.
- Zikina, usaina, arratoiak: atez ate jasoko den hondakinak ez du usairik eta ez du inolako eragozpenik sortzen. Astean behin, ordutegi zehatz batekin aterako da etxe atarira eta goizerako jasota egongo da . Aste osoan hutsik egongo dira zintzilikarioak, astean behin iluntze-gau partean izan ezik.
- Garestia, tasak igoko dituzte: Sistema berriak udalari aparteko gastua suposatuko diola esaten ari dira: hori gezurra da, eta datuek erakusten dute gauzak ondo eginez gero, merkeago ateratzen dela balantzea. Ez dugu guk esaten, mankomunitateko eta udaleko teknikariek egindako bideragarritasun txosten ekonomikoak erakusten dute hori. Bilketa garestituko bada ere balantzea positiboa izan daiteke. Garestia dena da dena nahasian ateratzea eta zabortegira botatzea. Hemen dituzue ikusgai kontuhartzailearen txosten ekonomikoa, eta Urola Erdiko mankomunitatearena.
-Hondakinak biltzeko sistemak oso aldaketa txikia ekarriko du: edukiontzi grisa bakarrik kenduko dugu, eta gainerakoek berdin funtzionatuko dute. Berziklatzen duenari ez dio aparteko lanik ekarriko, eta berziklatzen ez duenak berziklatu egin beharko du. Guztion ardura da hori: gaur egun, berziklatu gabe, astean 5,5 kilo botatzen ditugu pertsonako Lapatxeko zabortegira eta hori jada onartezina da. Aldaketa beharrezkoa da, eta gurean egingo dugun aldaketa txiki horrek merezi duela erakutsi dute datuek. Ormaiztegikoa da horren adibide: guk ezarriko dugun sistema bera ezarri berri dute, eta hilabete batean %36 berziklatzetik %86 berziklatzera iritsi dira. Guk zergatik ez dugu egingo?
- Aldaketa herritarrentzat ahalik eta erosoena izatea nahi dugu, eta horregatik dozenaka bilera egiten ari gara herritarrekin, merkatariekin, ostalariekin... Informazio eta erraztasun guztiak jarriko ditugu, eta horretarako zabaldu dugu, besteak beste, informazio bulegoa plazan.
- Zentzuz, gizalegez, arduraz eta errespetuz jokatu dezagun. Gezurrak eta giroa gaiztotzeak ez du ezertarako balio, eta norbere buruari galdetu beharko genioke zeini egiten dion mesede. Azkoitiari, azkoitiarrei eta ingurumenari ez behintzat..