Batetik, Espainiako Kontu ikuskaritzak instrukzio bat zabaldu zuen azaroan Azkoitia Lantzeneko arduradunek bere garaian egindako hainbat eragiketa ikertzeko. Zehazki, garai hartan Txalon Errekako 9.1 eta 10.1 partzeletan egindako salerosketak ari da ikertzen Espainiako kontu ikuskaritza, "irregulartasun zantzuak" ikusi dituelako.
Hori ez da, ordea, salerosketa horiek ikertzen ari den instrukzio bakarra. Fiskalak hala eskatuta, Azpeitiko epaitegia ere ari da aipatutako salerosketa horiek ikertzen, honek ere irregulartasun seinaleak ikusi dituelako. Zehazki, "fondo publikoak bidegabe erabiltzearen seinaleak, iruzurrarenak eta dokumentu faltsutzearenak" aipatzen ditu Azpeitiko autoak.
Egoera horren aurrean eta zantzuen larritasuna ikusita, Azkoitiko Udal gobernuak ikerketa azken muturreraino emateko beharrezko pausoak ematea erabaki du:
Hala, aipatutako bi kausatan pertsonatzea erabaki du udal gobernuak. Horretarako, hil honetan bertan egingo diren bi udalbatzatan aurkeztuko du instrukzio horietan pertsonatzeko proposamena, gainerako alderdiek onartu dezaten.
Horrekin batera, datorren apirilaren 22an, Udala Madrilera deituta dago Espainiako Kontu Ikuskaritzaren aurrera.
Hala adierazi du Urrategi Alberdi alkateak: "Guk argi daukagu: zuzentasunean eta gardentasunean oinarritutako politikan sinesten dugu, eta horiek izango dira gure lehentasun Azkoitia Lantzenen inguruko afera judizialetan ere. Guk ez dugu sinesten handikeriatan eta espekulazioan oinarritutako politiketan, eta enpresa publikoaren filosofiarekin ere ez dugu bat egiten, baina Azkoitia eta azkoitiarrek ahalik eta kalte gutxien jasateko sozietatearen egoera bideratzeko gestioak egiten jarraituko dugu, agintaldia hasi zenetik egin genuen bezala".