2010ean, Espainiako Gobernuak Loiola Berrikuntzari 200.000 euroko diru-laguntza ematea adostu zuen, baina 2011ko hauteskunden ondoren etorri zen gobernu aldaketaren ostean, Mariano Raxoi presidente izendatu berriak laguntza hori eta beste hainbat garapen agentziari agindutakoak bertan behera utzi zuen. "Loiola Berrikuntza Fundazioak, beste erakundeek bezalaxe, epaitegira jo zuen. Ebazpena jaso berria dugu, eta auzia Loiolaren alde suertatu da. Zer esanik ez, hau benetan berri ona dugula", adierazi du Pello Bastarrika alkateak. Madrilek laguntza bertan behera utzi zuenean, Foru Aldundiatik 100.000 euroko eman zizkion Loiola Berrikuntzak, eta horri esker lortu du garapen agentziak aurrera egitea. "Horregatik, orduan bezaletxe, gaur ere Foru Aldundiari eskerrak ematearekin batera gure esker-ona adierazi nahi diogu izan zuen goi mailako jarreragatik", gaineratu du Bastarrikak.
Begoña Beobidek agertu zuenez, laguntza atzera botatzeak min handia egin zion erakundeari, izan ere, dirua inbertsioetan eta ekipamenduan erabili behar zuten; "Hala ere, beste erakundeetatik, Aldunditik eta Iraurgi Lantzenetik, jasotako laguntzari esker aurrera egin ahal izan dugu. Epai honek arrazoia ematen digu, emandako pauso guztiak ondo eman zirela esanez".
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Loiola Berrikuntza Fundazioko lehendakariak Espainiako Gobernuaren "arduragabetasun absolutoa" salatu zuen; "proiektu bati laguntza eman, hitzarmen batean jaso eta gero ukatzeagatik. Orain, ebazpenak proiektuari egonkortasun finantzieroa emango dio, 200.000 euro horiek bailarako garapen ekonomikoan gastatzeko izango baitira, enplegua sortzeko, nazioarteratzea sustatzeko eta beste hainbat proiektu abiarazteko. Espero dezagun dirua laister itzultzea, izan ere, epaia horren irmoa izanik, ez litzateke normala Auzitegi Gorenera jotzea. Eta joko balu ere, oso zail ikusten dut Gorenak Auzitegi Nazionalaren aldeko epai horren garbia atzera botatzea", esan zuen Etxeberriak.