Ekimenaren helburu zehatzak honakoak dira:
• Azkoitiko gazteen diagnostiko kuantitatiboa eta kualitatiboa egitea eta langintza horretan gazteek eurek parte hartzea.
• Gazteak udalerrian parte hartzea bultzatzea, elkar ezagutu, saretu eta hobeto koordinatzeko.
• Gazteen berri zuzenean edukitzea, gero euren araberako politika integralak diseinatzeko.
• Eta guzti hori, gazte lokalen egoera ezagutu eta lokal horientzat araudi bat prestatzeko ere aprobetxatu nahi du Udalak, baina gazteekin eurekin hitz egin eta adostuta.
Nola enpresak enpresak bideratuko du prozesua eta dagoeneko hasi gara lanean: abenduaz geroztik hainbat bilera egin dituzte gazteek, teknikariek eta udaleko ordezkariek, partaidetza prozesu hau nola martxan jarri erabaki eta ahalik eta gazte gehien nola bertaratu asmatzeko. Bide honetan, zenbait gazterekin eta gazteekin aritzen diren pertsonekin elkarrizketak egingo dituzte, lokaletako kideekin, lokalik ez duten gaztekin, institutuko irakasle, kale hezitzaile...Azkoitiko gazteen inguruan ahalik eta informazio gehien biltzeko. Elkarrizketen bidez, besteak beste honako kontuak jaso nahi dituzte:
• Datu kuantitatiboak: 17 eta 22 urte bitartean zenbat lokal dauden? Nolakoak diren lokalak? Zenbat gazte dauden lokaletan? Zenbat neska eta mutik? Zenbatek ez duten lokalik? Zein adinetakoak diren? Sexuaren arabera banatzen diren?
• Datu kualitatiboetan berriz: zein ohitura duten? Zer bilatzen duten lokaletan? Kalean zer egiten duten? Zein ekintzetan parte hartzen duten? Nola, noiz eta zertarako elkartzen diren? Zein arazo edo behar dituzten? Zeintzuk diren beraien interesak?
Orain arteko lanetan bidelagun aritu diren gazteek argi dute: "Orain gure txanda da. Azkoiti Gaztien herrixe izeteko, moiu in ber deu ipurdixe", hala azaldu du Amaia Garate talde eragileko kideak eta martxoaren 14an eta 28an egingo diren topaketetan parte hartzera deitu ditu gazte azkoitiarrak: "Datak jarrita daude, apuntatu eta etorri!".
Martxoak 14an, 19:00etan Elkargunean. Aurreneko afari-topaketa egingo da. Bertan, Azkoitiko gazteon egoeraz hitz egingo dute: gazteen lokalen egoerez, gazteok ditugun beharrez, interesez... "Mokadutxo bat janez, elkarren berri izan eta gure kontuez hitz egiteko aukera paregabea izango da".
Eta handik bi astera, martxoaren 28an, Elkargunean, etorkizunera begira jarriko dira. Oraingoan ere afari-topaketan. "Zer egin dezakegu gure behar edo arazoei erantzuteko? Nola egin genezake? Udalari zer eskatzen diogu? Horiek guztiak landuko ditugu".