Urola Erdiko informazio turistikoa emateaz gain, Zumaiakoa ere eskainiko dute; izan ere, Ekobailara proiektua, 2003tik martxan dagoen Urola Turismo ekimenaren testuingurura integratu dute. «Proiektu honen oinarrietako bat hasieratik muga administratiboak gainditzea izan da, logika geografikora eta bisitari edota turistaren mugikortasun logikara egokituz», adierazi du Bastarrikak alkateak. Hori izan da Zumaia bertan egotearen arrazoia. Izan ere, azpimarratu dutenez, Urola Erdiaren «irteera eta sarrera naturala» kostaldea izan da; hau da, Zumaia.
Webgunea euskaraz eta gaztelerazko bertsioan martxan dago jada, eta hilabeteren buruan ingelesez eta frantsesez ere egongo da. Hemendik aurrera, bailareko eskaintza turistikoaren inguruko informazio oro Urolaturismo.net webgunean izango dute eskuragarri, bai bertakoek eta baita bisitariek ere, gure eskualdearen aberastasuna ahalik eta gehien zabaltzeko. Turismo alorrean aritzen diren enpresa eta eragile publikoak ere integratu nahi ditu proiektu honek, eta hori da orain erronka.