Bulegora gerturatu diren bisitariek eskatutako informazioari dagokionez, gehiengoak Santutegiaren inguruko informazioa eskatu du, Hiru Tenpluen ibilbideari buruz informazio eske ere joan da jendea eta baita eskualdeko zerbitzu turistiko eta ostalaritzakoen ingurukoa ere. Zenbakiei so eginda, bisitari tipologia guztiak igo dira Turismo Bulegoan, nahiz jatorri nahiz bidaiatzeko moduari erreparatuz. Igoera horren arrazoik zehatzak sakon oraindik ere ez ditugu aztertu, baina honako faktoreek zerikusi zuzena izan dutela esan daiteke:
- Aita Santu berriaren izendapenak. Izendapen berriaren ostean, oihartzun handia izan zuen Loiolak komunikabideetan, eta garai hartan hasi zen bisitari kopurua igotzen. Gainera, izenpenaren ondoren, orain arte inoiz etorri ez diren agentziak hasi dira etortzeko.
- Horrez gain, turismo eskaria, merkatua eta aisialdirako ohitura aldatzen ari dira: Azken urteotako krisiaren eraginagatik edo, barne turismoa (gertuko jendearen egun pasako desplazamenduak) gora doan fenomeno bat da.
Datuak onak dira, eta balorazio positiboa egiten dute udalek, baina turismoaren sektorea eskualdean sendotzeko hobekuntzarako aukera gehiago badaudela uste dute eta horiek baliatzea izango da orain erronka. Hauek izango dira, aurrera begira, Iraurgi Berritzenen Turismo Sailaren eta turismo bulegoaren erronka nagusiak:
• Badaude bisitari batzuk Loiola bisitatu bai, baina Turismo bulegotik pasatzen ez direnak. Horiek bulegora bideratzea izango da erronka bat, Loiolako gune monumentala ez ezik, bailarako beste gune eta baliabideak ezagutarazteko aukera izateko.
• Horrekin batera, Turismo Bulegotik pasatu ostean Azkoitia eta Azpeitira gerturatuko diren bisitarien kopurua handitzea ere helburu izango da, horretarako, ahalik eta eskaintza erakargarriena artikulatu eta baloratuz.
• Hori guztia, bailarako gainontzeko eragileekin (publiko nahiz pribatu) komunikazioa eta elkarlana hobetuta. Bertako jatetxe, hotel eta bestelako turismo alorreko enpresa pribatuekin elkarlanean aritzen da Turismo bulegoa turismoa norabide guztietan sustatzeko. Lana bi norabidetan egiten da: Loiolako bulegoak enpresen txoko berezitua du, eskaintza hori bisitariei eskuragai jartzeko, eta enpresa horiek euren establezimenduetan bailarako informazioa ere zabaltzen dute, Preskriptoreak dira. Horrez gain, produktu berriak sortzerakoan eta diseinatzerakoan ahalik eta eragile guztiak kontuan hartzea nahi da. Lankidetza hau, hain justu, oso garrantzitsua dela uste dugu, turismoa bertako sozio-ekonomia indartzeko erreminta eraginkorra delako eta horrek aukera handiak eskaintzen dituelako.