Eguerdian ikasleek irakurritako manifestua:
Amak eman digu hizkuntza batzuei, beste batzuei aitak, eta beste batzuei eskolak, edo lagunek, kaleak, herriak; baina hizkuntzak eman digu denoi ama, aita, eskola, lagunak, kalea, herria, munduari izena emateko modu bat. Munduari izena emateko modu bat eman digu euskarak, eta baita munduan bizitzeko modu bat ere: euskaraz bizi da gure mundua, eta euskaraz bizi dugu mundua guk. Bai gaur, Euskararen Egunean, eta baita urteko beste egun guztietan ere. Euskarak 365 egun ditu urtean, eta milaka eta milaka egun bere baitan. Euskara zaharra dela esaten dute, baina euskara gaztea ere bada. Gu gazteak gara, eta gure adinekoa da euskara guretzat. Eskolarako balio digu, baina baita kalerako ere, eta etxerako, eta behar dugun orotarako. Maitatzeko balio digu, haserretzeko, adarra jotzeko, edozertarako. Mundua izendatzeko behar dugu euskara, munduan bizitzeko, eta euskarak munduan bizitzeko behar gaitu. Erdarak ez gaitu behar, badu nahikoa indar, baina bai euskarak. Gaur, bihar, etzi, eta urteko beste egun guztietan.
Xabier Euzkitzeren bertso hau ere abestu zuten:
Zer nolako zortea
gure hizkuntzarena
mila iturritatik
edaten duena.
Euskararik onena
da norberarena,
eta txarrrena, berriz,
egiten ez dena.