Urria eta azaroa osoan partaidetza prozesu bat abian egon da Urola Erdiko bost herritan. Urrian, herri bakoitzean egindako batzarretan, internetez eta udalen bidez jaso ziren proposamenak guztira 124 izan ziren. Horietatik, azaroaren 6an, 30 hobetsi zituzten, Azkoitian egin zen eskualde batzarrean. 30 proposamen horiei dagokien txosten juridiko eta ekonomikoak egin zizkieten Aldundiko sail desberdinetako teknikariek. Zerrenda hori herri bakoitzeko bi kidek osatutako talde eragilearen esku geratu ziren, eta talde honek, azaroaren 28an, Azpeitian egin zen azken eskualde batzarrera eraman zituen. Batzar horren egitasmo bozkatuenekin behin-betiko zerrenda osatu zen.
Honako hau da behin betiko zerrenda:
Mendietako bidezidorrak txukuntzea: 110.000 euro
Burujabetza energetikorako plangintza egitea: 65.000 euro
Haur eta gazteen parte-hartze programa osatzea: 45.000 euro
Oroimen historikoa lantzea: 22.000 euro
Eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea: 30.000 euro
Baserri-bideak konpontzea: 150.000 euro
Lasao-Zestoako trenbidearen egokitzapen lanak egitea: 78.000 euro
Guztira: 500.000 euro
Urola Erdian egin den partaidetzazko aurrekontuen prozesu hau Foru Aldundiak abian jarri duen lehena da. Izan ere, Bildu koalizioak Aldundiaren gobernua hartu zuenean, argi esan zuen legegintzaldi honetan aurrekontu parte-hartzaileak egitea zuela xede. Urola Erdiko esperientzia hau eta gero, datorren urtean Gipuzkoako eskualde gehiagotara zabaltzea da helburua.