Azkoitiko Emakumeen Mahaiak duela urte eta erdi inguru elkartu zen berriro ere, Udalak gonbidatuta, erakunde horrek diseinatu berri zuen protokoloaren inguruan hausnarketa bat egiteko. Protokoloaren bidez indarkeriari aurre egiten dieten emakumeei eskaintzen zaien arreta hobetu nahi da, eta indarkeria matxista izan zen lehen bilera hartan hausnartu zen lehen gaia. "Segituan ordea, bizitzaren esparru guztietan jasaten dugu zapalkuntzari buruz hitz egiten hasi ginen, eta hauek ere indarkeria mota ezberdinak direla ohartu ginen, indarkeria ekonomikoa, sinbolikoa, e.a", azaldu dute Emakumeen Mahaiko kideek. "Eremu ezberdinetan lan egiten dugun emakumeak gara eta bakoitzak geure esperientzia pertsonaletik abiatu, eta zapalketa emakume guztiok bizi dugun zerbait dela ohartu ginen. Handia zen gai ezberdinen inguruan hausnartzeko genuen gogoa...eta baita egoera aldatzeko pausoak emateko gogoa ere". Beraz indarkeriaz gain beste gai ezberdinen inguruan ere elkartzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. Eta hau da Emakumeen Mahaiaren helburua: eremu ezberdinetan emakumeok bizi duten zapalketari aurre egiteko urratsak ematen joatea.
Mugimendu feministak egindako lanari esker, urrats handiak eman dira emakumeon eskubideen aitortzan. "Baina gaur egun berdintasun egoeran bizi garela sinestarazi nahi diguten arren, asko dira bizi ditugun bereizkeria eta zapalketa egoerak, bai lan merkatuan, zaintza lanetan, kirolean, festetan, e.a. Beraz guztion ardura izango da egoera hauek identifikatu eta gainditzeko neurriak hartzea", hala uste du Emakumeen Mahaiak.
Horregatik dei egiten die interesa duten emakume guztiei bide hau eurekin egiteko, bakoitzak ahal duzuen neurrian: batzuek hilero bilduz, besteak iritzi artikuluak idatziz, besteak ekimenetara azalduz, e.a.
Gora emakumeon borroka!!!