Berriak
Gaurtik aurrera, ostegunero pintxo poteoa izango da Azkoitiko tabernarien elkarteko tabernetan
Gaur hasi eta ostegunero pintxo poteoa izango da Azkoitiko Tabernarien elkarteko kide diren tabernetan. Hala, 18:30etan hasi eta 21:00ak arte, trago bakoitzeko pintxo bat aterako dute tabernariek, honako establezimenduetan: Atraskuan, Deanen, Etxe-Aitzen, Koxkan, Latzen, Olaberrin, Ttakunen, Txalintxon, Zakelan eta Zurten. Ekimen horren helburua da Azkoitiko kale giroa bizitu eta bertako tabernariei bultzada ematea, eta horregatik babestu du Udalak ekimena. Giro hori sortzen hasteko, gainera, trikitilariak ibiliko dira gaur pintxo poteo orduan kalean. Bertaratu eta parte hartzera animatu nahi dituzte azkoitiar guztiak tabernarien elkarteko kideek eta baita udalak ere.