Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak lankidetza akordioa lortu dute, eta horri esker, Azkoitiko Udalak Berdintasun teknikari bat kontratatuko du urtea amaitzerako. Berdintasun teknikari horrek %75eko lanaldia izango du eta bere funtzioa izango da udaletik berdintasun politikak garatzea. Hilabete honetan bertan sinatu dute hitzarmena Udalak eta Diputazioak eta horri esker Foru Aldundiak diruz lagunduko du kontratazioa. Datozen asteetan teknikaria hautatzeko eta izendatzeko prozesua martxan jarriko du Udalak, zerbitzu hori lehenbailehen martxan jartzeko. Azkoitiko udalak apustu serioa egin nahi du emakume eta gizonentzat aukera berdinetan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko. Udal eta erakundeok geure erantzukizunak hartu behar ditugu eta bitartekoak jarri behar ditugu berdintasun politikak garatzeko, indarkeria matxistari eta emakumeen bazterkeriari aurre egiteko eta emakumeen parte hartzea sustatzeko.