Bateratze hori egiten aurreneko pausoak eman dituzte: dagoeneko zuzendaritza bateratua eratu dute, kudeaketa plan bateratua ere bai, eta irudi korporatibo eta komunikatibo berria aurkeztu dute. Baina haratago joatea da helburua: bailararen garapen sozioekonomia bultzatzeko arlo eta baliabideak indartu nahi ditu. Hala, formaziorako, enplegurako eta beste zenbait arlorako guneak martxan jartzea aurreikusi dute, besteak beste.
Iraurgi Berritzenen aurkezpena atzo egin zuten Azkoitia eta Azpeitiako alkateek eta aipatu hiru eragileetako zuzendariek, Kudeaketa topaketen barruan. Kudeaketa topaketa horiek duela 11 urte hasi ziren ospatzen eta bertan eskualdeko enpresa, ikastetxe zein erakunde publikoek bailararen garapenerako proiektu eta ekintza estrategikoak aztertzen dituzte, elkarlanean eta ikuspegi amankomun batetik.
Atzokoan bailarako 17 enpresa, 5 ikastetxe eta Azkoitia eta Azpeitiako zinegotzi eta alkateak hartu zuten parte. Bailaren egoera sozioekonomikoa aurkeztu zuten aurrena, horri aurre egiteko eragileek prestatu duten sustapen ekonomikorako ekintza plana aztertu zuten ondoren. Azkenik, eragileen ekarpenak eta balorazioak jaso ziren.
Topaketa horien barruan, bestalde, Jon Peli Uriguen Soziekonomia diputatuak ere hartu zuen parte eta dagoeneko martxan dagoen hitzarmen bat sinatu zuen Iraurgi Berritzenekin. Izan ere, Espainiako gobernuak lehendik iragarrita zuen diru laguntza bat ukatu egin zion Loiola Berrikuntzari eta diru hori Diputazioak jarri du, "ekonomiaren garapenerako gisa honetako erakundeak ezinbestekoa direlako".