Xoxoteko aterpean bueltan eta Izarraitzen barrena hainbat bide egin daitezkeen arren, eskuko gidan bide horietako bi jaso dituzte, xehetasun guztiekin: Azpeitia-Xoxote (Iturritxikitik abiatuta) eta Attola-Xoxote. Ibilbide bakoitzaren luzeraz, bataz beste eskatzen duten denboraz eta desnibelaz gain, bidean zehar ibiltariak topatuko dituen beste hainbat ezaugarri eta xehetasun eskaintzen ditu gidak. Mapa batean, bi ibilbide nagusiez gain Izarraitzen egin daitezkeen beste batzuk ere jarri dituzte, Azkoititik Zestoarainoko eremukoak; eta, mapa berean, Izarraitzek eskaintzen dituen hainbat interesgune kokatu dituzte: Azketa, elurzuloa, eskalada gunea, baserriak, iturriak... Bestetik, teknologia berrietara egokitutako informazioa ere gehitu dute: horrela, gidako bi ibilbide nagusien eta beste lauren edukiak mugikorretara jaisteko QR kodeak txertatu dituzte argitalpenean. Azkenik, ostalaritza zerbitzuen informazioa ere jaso dute, Xoxoteko aterpeari arreta berezia eskainita.
Denera eskuko gidaren 10.000 ale argitaratu dituzte: 7.500 euskaraz eta gaztelaniaz, eta 2.500 ingelesez eta frantsesez. Iraurgi Lantzeko Jexux Mugikak azaldu zuenez, turismo guneetan jarriko dituzte eskuragarri: Loiolako turismo bulegoan, nekazalturismoetan, hoteletan eta Burdinbidearen Euskal Museoan.