Azkoitiko Musika eskola aspalditik ari zen egungo egoitza berritzeko eske: egungo eraikina zaharkituta dago eta irisgarritasun arazoak ditu. Segurtasun neurriak ez ditu betetzen eta leku arazoak ditu. Horrez gain, herriko beste musika elkarte eta taldeek ere azpiegitura premiak eta beharrak ere badituzte: bandak insonorizazio arazoak ditu, musika taldeek ere lokal insonorizatuak behar dituzte.
Behar guzti horiei irtenbide bateratua nola eman aztertzen aritu da hilabeteotan Udalean. Udalak egun dituen azpiegiturak aztertu ditu, egokitze lanen kostuak kalkulatu, eta aukera ezberdinak aztertu ostean, irtenbide egokiena Elkargunearen beheko aldean libre dagoen lokal handi horretara bideratzea erabaki dute eragile guztien artean. Denon Herrixe parte hartze prozesuan ere ideia hori aztertu zen eta herritarrak bat egin zuten asmoarekin.
Proiektuaren helburuak argiak dira. Batetik, musika eskolaren irisgarritasun arazoari irtenbidea ematen zaio eta bestetik, herriko beste hainbat musika taldeen beharrei ere bai. Eta guzti hori inplikatutako agente guztien parte hartzearekin eta elkarlanean egin da. Baina hori baino gehiago ere izan nahi du Elkargune Musikalak: Musika eskolaren eta herriko gainerako musika taldeen artean sare bat sortu nahi da, euren arteko elkarlana indartzeko. Azken finean, sormen kulturalerako eta elkarlanerako gune bat izango da.
Oraingoz proiektuaren oinarriak definitu dira eta orain proiektu osoa definitzen ari dira eragile guztiak. Behin egitasmoa definituta, proiektua esleitzeko prozedura abiatuko du udalak eta ondoren lana esleituko ditu. Hori sei hilabetetan egitea espero da, eta horren ondoren, urtarrilean obrak hastea aurreikusten da. Proiektua 2014aren amaierarako bukatzea espero da.
Elkarlanaren frutu eta proiektua izango da Elkargune musikala. Izan ere, herriko azpiegiturak herritarrentzat eta herritarren beharren araberakoak izan behar dutelakoan dago Udala
Proiektu hau gauzatzen den bitartean: musika eskola lekuz aldatzen denean, egungo egoitza hori libre geldituko da, eta eraikin horri ze erabilera eman erabakitzeko parte hartze prozesu bat irekiko du Udalak, herritar zein eragileen iritziak eta asmoak jaso eta ahalik eta proiektu egokiena bideratzeko.