Berriak
Auzokonposta gunea handitu eta hirugarren talde bat jarriko da martxan
Auzokonposta pixkanaka-pixkana zabaltzen ari da Azkoitian. Gero eta herritar gehiagok eskatu dute parte hartzea, eta horri erantzunez, egun liburutegi ondoan dagoen gunea handitu eta liburutegi atzean beste eremu bat martxan jartzea erabaki dute Udalak eta Urola Erdiko mankomunitateak. Horri esker, auzo konposta egiteko hirugarren talde bat jarriko da martxan. Datorren asteartean (uztailak 9) egingo da hori kudeatzeko bilera, 18:30ean, Elkargunean, eta bertan jasoko dituzte azalpenak eta beharrezko materiala herritarrek. Bilera horretan autokonposta egiteko ikastaroa ere emango zaie, interesatuei. Eta herritarren ahalegina ari da aurreneko emaitzak ematen: aste honetan bertan bildu da dagoeneko martxan dagoen auzokonpostaguneko konpostaren lehen uzta, eta oso kalitate onekoa dela esan du mankomunitateak.