Eguraldia portatuz gero, uztail amaierarako zabalduko lukete errepide berria. Baina, orain arte gertatu den bezala, eguraldiak baldintzatuko ditu zehaztutako epeak, eta euria eginez gero, lanak atzeratu egingo direla nabarmendu dute. Izan ere, orain lau hilabete eman zuen errepidea luiziak baina ia bi hilabete lanik egin gabe egon behar izan dute euriaren ondorioz eta langileen segurtasuna bermatze aldera. Hala ere, bitarte honetan Amutxastegi baserriko zelaietako ur korronteak desbideratu dituzte, lurra egonkortzeko. Horrez gain, ikerketak egin eta alternatiba egokiena topatzen ere aritu dira denbora honetan. Gastuei dagokienez, Aldundiak jakinarazi du orain arteko lanek 260.000 euroko kostua izan dutela. Aurrerantzean egitekoak direnek, berriz, 345.000 euroko aurrekontua dute.
Berriak
Martirietarako bidea egiteko lanak hasi ditu Foru Aldundiak
Martirietarako bide berria hasi dira egiten: atzo bertan hasi zituen lanak Foru Aldundiak, eta eguraldia portatzen bada, bi hilabete inguruan amaituta edukitzea espero dute. Goikaldetik hasiko dituzte lanak: aurrena mendiaren malda berdinduko dute eta urak drenatuko dituzte eta errepide parean harri-llubetak egingo dituzte. Lan horiek amaitutakoan, errepidearen behekaldean jarraituko dute, han ere lurra berdindu eta Lapatzea ta San Juan Oilo Aztegirako bidea behar bezala uzteko. Altuna y Uria enpresak egingo ditu lanak. Jon Altube Diputazioko Bide Azpiegitura zuzendaria eta Ingek enpresako ordezkariak (enpresa horretako geologoek egin dute proiektua) Martirietako errepidean bertan izan ziren atzo lanen nondik norakoak azaltzen.