Pello Baztarrikak, Azkoitiko alkateak, Bizenta Juaristik Eginok bere herriaren askatasun borrokan egindako lana azpimarratu zuen eta oraindik orain Euskal Herriaren alde borrokan ari diren gizon emakumeak gogora ekarri zituen. Haren hitzak osorik dituzu hemen.
Martin Garitanok, Diputatu Nagusiak, ekitaldian parte hartzea ohorea eta aukera dela azaldu zuen, aukera Bolivia eta Gipuzkoaren arteko harremanak finkatzeko eta etorkizuneko fruituak lantzeko. Euskaldunak Bizenta Juaristi Egino euskal jatorriko familiako alaba izateaz arro behar genukeela gaineratu zuen eta emakume aurrerakoitzat irudikatu zuen: "Bizenta garai hartan gutako asko baino emakume aurrerakoiagoa zen. Askatasuna, independentzia eta berdintasun borrokan aurrerakoia".
Mari Carmen Almendrasek, Boliviako enbaxadoreak, Quechua hizkuntzan agurtu zituen bertaratutako guztiak eta Azkoitira egindako bisita "enbaxadore lanetan egindako hunkigarriena" dela esan zuen eta eskerrak eman zituen "herritarren ongizaterako, zuzentasunerako eta berdintasunerako lanean ari diren erakunde publikoak dituzten gizarte anitzari". Egindako bisita "bi herrialdeen arteko harremanak finkatzeko zubi" izateko nahia azaldu zuen eta irailean Boliviko enpresen ordezkaritza batekin itzultzeko asmoa aurreratu zuen.
Eneritz Artetxek bertso bat eskaini zien Boliviarrei eta Juan Bautista Mendizabal herriko kronista ofizialak Bizenta Juaristi Eginoren historia azaldu zuen, zein izan zen eta zer egin zuen. Eta horrez gain, Azkoitian harekin dauden familia loturak ere azaldu zituen, bere arbasoak zein diren argitze aldera.
Eguraldiak askorik laguntzen ez bazuen ere, ekitaldia amaituta udaletxetik Bizenta Juaristiren izena duen plazatxora joan ziren eta han lore eskaintza egin zuten. Handik Intsausti Jauregira gerturatu ziren eta Juan Bautista Mendizabalek Bizenta Juaristi Egino eta haren jatorriei buruz prestatutako dokumentuak gertutik ikusteko aukera izan zuten.
Mari Carmen Almendras, Boliviako enbaxadorearen bisita argazkitan ikusteko egin klik hemen.