Lan munduan euskara sustatzen segitzeko beste pausu bat eman du Udalak: Azkoitiko enpresetan euskara planak bultzatzeko diru-laguntzak emango ditu. Iaz Serbitzu Elkartea eta Biharko Gipuzkoa enpreseekin hitzarmenak sinatu zituen Udalak enpresa horiek martxan jarri zituzten euskara planak laguntzeko, eta laguntza hori orain ofizialki zabaltzea onartu du. Izan ere, Udalak argi du lan mundua euskalduntzeko ahalegin berezia egin behar dela: egun Azkoitiko enpresetan euskara da nagusi ahozko komunikazio eta harreman informaletan, baina idatzizkoan eta komunikazio formalean gaztelera erabiltzen da gehien. Horri buelta emateko eta hezkuntzan emandako pausuek lan munduan ere isla izan dezaten euskara planak erreminta eraginkorrak direla uste du Udalak eta horregatik egin du ahalegina.