Era berean, aste honetan bertan, Udal Gobernuak 2024rako aurrekontuen proposamena aurkeztu die gainerako alderdiei. Proposamenak bat egiten du Agintaldi Planarekin, eta datorren urtera begira, aurreikusitako jarduketa nagusiak biltzen ditu.
"Guk gure bidea zein den argi daukagu. Egia da, eta gogoratu beharrekoa, Udal Gobernua gutxiengoan dagoela eta, beraz, beste alderdien adostasuna beharrezkoa zaigula gure proposamenak aurrera ateratzeko. Gure ardura da, hala ere, gure lehentasunak zeintzuk diren esatea”.
Udal Gobernuaren 2023-2027 Agintaldi Planak, proiektu estrategikoen artean, Azoka Plazaren eraberritzea eta merkataritzaren suspertzea jasotzen ditu, neurri batean hasita dagoen lanketa, eta baita, Alde Zaharreko eta landa eremuko araudi aldaketa ere.
Irisgarritasunari dagokionez, dokumentuak Floreagako hirugarren fasearekin jarraitzeko asmoa erakusten du, eta San Martin auzora eta San Jose Egoitzara heltzeko igogailu bana.
Udal Gobernuak bere egitasmoen baitan ditu, halaber, Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen bidea eraikitzea, dagoeneko lizitazio fasean dagoen proiektua, Izarre Jandaloko eremuaren birkalifikazioa, eta Plazaberri eraberritzeko proiektuaren idazketa.
Era berean, gobernuak Intsausti eremua eraldatu eta urbanizatzeko lanean jarraitzea du helburu. Herriko sarrera-irteera eremua izanik, esanguratsua da tokia eta bilakaera bat eman beharrekoa.
Bestetik, Udal Gobernuak irmo helduko dio Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako akordioari, zaintza ereduaren trantsiziorako 4,7 milioi euro inbertituz. Psikogeriatriako Unitateko obrak hasita daude San Jose egoitzan, eta aurrera doaz Eguneko Zentroa Burdinoleta kalera tokialdatzeko tramiteak ere.
Eguzki-plakak eta Mugikortasun Plana
Agintaldi Planean jasotako proiektu bakoitzak epe jakin bat du, legealdi osoa hartuz. Epe laburragora begira, ordea, 2024ko aurrekontu proposamena egin du Udal Gobernuak. Proposamenak 17.475.000 euroko udal aurrekontua aurreikusten du (sozietate publikoen kontuak sartu gabe).
“Nolanahi ere - dio alkateak – Udalak duen inbertsio ahalmena mugatua da, esatea gustatu ez arren. Aurrekontuen diru-kopuru handiena dirulaguntzetara eta zerbitzuetara bideratzen da, eta inbertsioetarako geratzen den tartea oso murritza da. Garrantzitsua da baliabideak optimizatzea eta lehentasunak ezartzea, etengabeko ariketa dena guretzat, eta hori gure aurrekontuetan ikusten da”.
2024ko aurrekontu proposamenean, besteak beste, 160.000 euroko diru-partida jaso du udal gobernuak eraikin publikoetan plaka fotovoltaikoak jartzeko. Gobernuak Mugikortasun Plana egiteko asmoa ere badu, aparkalekuen arazoari edota berdeguneak sortzearen beharrari modu integralean erantzuteko.
Halaber, gobernuak Euskara saila indartzearen aldeko apustua egin nahi du, baliabide pertsonalak eta ekonomikoak areagotuz.
Konpromisoekin jarraituz, skate-parkea eraikitzea edota Xabier Munibe Ikastolako jolastokiaren azterketa jasota ditu Udal Gobernuak bere plangintzetan.