Azaroaren 25ean izango da zertaz gozatu. Goizez kirola izango da nagusi. San Andres Igeriketa Saria jokatuko da Zubi Aurre igeriketa elkartearen eskutik, eta XVIII. Herri Lasterketa ere egingo da Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton Elkarteak antolatuta. Gauez, 22:00etan, aterako da danborrada. Aurtengoa berezia izango da, Tata Elkarteak iragarri bezala, Donostiako 1813ko abuztuaren 31ko ospakizuna elkarteko kideak izango baitira gonbidatu. Kanoikadak ere entzungo dira, eta talde berri baten estreinaldia izango da, Belaño taldearena, hain zuzen.
Asteburua borobiltzeko, 26an, eguerdi partera arte, hainbat ekintza izango dira. Herriko plaza baserritarren postuek hartuko dute, eta bertako produktuak etxeratzeko aukera izango dute erosleek. Jakien produktuekin batera, Garapenean Bidelagun azoka egingo da, Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lana bistarazteko eta gizartearei kontzientzia hartzen laguntzeko.
Kontzejupean, berriz, bolillo lanen erakusketa egongo da. Kaleak girotzeaz arduratuko dira Bizkargi Musika Eskolako dantzariak eta musikariak, eta Txalkor Txistulari Taldea.
Egun handia izango da azaroaren 30a ere, San Andres eguna. Taloa eta txistorra dastatzeko aukera izango da postu ezberdinetan, eta kaleetan zehar ibiliko dira herriko dultzaineroa, trikitilariak eta Txalkor taldeko txistulariak.
Txuri Urdin elkartearen eskutik, marrazki lehiaketa egingo da eta eguerdian, herri kirol jaialdia izango da plazan. Arratsaldez, Kontzejupe Sariaren azken partiduak jokatuko dira Kontzejupean, eta Josu Rodriguez DJa egongo da musika jartzen. Suzko zezenak jarriko dio amaiera egunari.
Egitarauaren baitan sartzen dira San Andres Idi Dema saria eta San Andresetako XXVIII Xake Lehiaketa ere.