Azkoitian airearen kalitatearen monitorizazioa 2011tik egiten da. Airearen kalitatearen hainbat adierazleren bilketa eta analisia aztertzen da. Bildutako datuak 2022ko lehen eta bigarren seihilekoen burututako kanpainetakoak dira.
Aztertutako konposatuak honako hauek dira: material partikulatua, airean esekita geratzen diren partikula mikroskopikoak, industria-jardueretatik eta ibilgailuen trafikotik datozen trazadura-elementuak edo ingurumen-partikulak, baita Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (HAPak) ere, alegia, errekuntza prozesuetan ikatzak, olioak, gasak, zurak eta abarrek sortzen dituztenak.
Jasotako datuek erakusten dutenez, artsenikoa edo kadmioa bezalako metalen batez besteko mailak ezarritako mugak baino txikiagoak dira. Nikelaren kasuan puntualki gainditu zuen muga, baina ebaluazioaren arabera, “kasu isolatutzat” har daiteke.
Aurreko kanpainetan bezala, laginak Trenbidearen Zumardian dagoen kaptadore baten bidez jaso dira, eta 2022ko ekainetik Euskal Herriko Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa sailak tratatzen eta aztertzen ditu.
Azterlanean jasotzen denez, "kutsatzaile atmosferikoei dagokienez, emaitzek adierazten dute PM10 partikulen kontzentrazioa 2018. urteaz geroztik egindako kanpaina guztietan oso antzerakoa izan dela, eta seihilekoen artean ere ez da alderik ikusi".
Banadioaren, manganesoaren, kobrearen eta selenioaren kontzentrazioak nabarmen egin du behera 2018. urtetik, eta murrizketa hori oso nabarmena izan da kobrearen kasuan, 2018an baino % 50-60 txikiagoa izan baita.
Era berean, aurreko kanpainetan PM10 partikulekin lotutako elementu-traza maila handiagoak ikusi ziren lanegunetan asteburuetan baino, eta horrek metalurgia-industria partikulen iturri izan daitekeenaren hipotesia indartzen du. Hala ere, azken kanpaina honetan ez da alde nabarmenik antzeman lanegunen eta asteburuen artean neurtutako kutsatzaile bakar batean ere, manganesoan izan ezik.
Estrainekoz aztertu diren Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoei dagokienez, laginen %90etik gora kuantifikazio-mugen azpitik daude. Emaitza horiek Gipuzkoako beste udalerri batzuetan jasotakoen antzerakoak dira.
Datuak interpretatzeko, Europan eta estatuan indarrean dagoen legedian ezarritako balioak hartu dira kontuan.