Esther Ciudad organistak eta Juanjo Guillem perkusionistak inauguratu zuten zikloa, eta Olivier Latry organistak eskaini zuen aurtengo edizioko bigarren kontzertua. Oraingoa, Azkoitiko Cavaille-Coll organo ederra ondoen ezagutzen duen organistaren eskutik eskainiko da, justu organoaren 125. urteurrena denean.
Prestatu duten errepertorioak Liszt, Verdi, Franck, Bizet, Guridi, Gastaldon eta Saint-Saëns konpositoreen obrak hartzen ditu barne.
Jose Luis Frantzesena
Azpeitian jaio zen, 1942an. Lehen solfeo- eta musika eskolak parrokiako organo-jotzaile Julian Barrenetxearekin eman zituen, eta haren tiple-eskolanian parte hartu zuen. Piano ikasketak egin zituen Arantzazun, C. Iturriarekin eta M. Idoiagarekin. Organo ikasketak egin zituen Donostiako Goi Kontserbatorioan, eta Goi Mailako ibilbidea bukatu zuen han, Esteban Elizondo katedratikoaren eskutik.
1987an Azpeitiko Udal Musika Bandako zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 2007ra arte. Halaber, herri bereko Julian Barrenetxea abesbatza sortu eta
zuzendu zuten 2001era arte.
Organo-kontzertu asko eman ditu, eta abesbatza eta bakarlari askorekin aritu da. Konposizioko sari asko irabazi ditu, hala abesbatzentzako nola tresna-taldeentzako lehiaketetan, Tolosan, Bilbon, Getxon, Amorebietan, Gallartan eta Seguran.
Abesbatzarako, organorako, musika-talderako eta orkestrarako konposatu du.
2000. urteaz geroztik, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen elizako Cavaillé-Coll organo handi ospetsuaren organista titularra da.
Mariatxen Urkia
Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen eta Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen kantu-ikasketak. Han, sari gorena lortu zuen. Sarritan aritu da lankidetzan Donostiako Kontserbatorioko laukote lirikoarekin, soprano bakarlari gisa.
1996an AEBetan egon zen, eta arrakasta handia izan zuen Harford, Boston eta New York hirietan. Zenbait herrialdetan egon da Ismael Fernandez de la Cuestak zuzendutako abesbatza gregorianoarekin.
1997an, Lizeoaren aldeko kontzertu bat eman zuen Bartzelonan, Euskadiko ahots gazteen aberastasunaren ordezkari gisa.
Pablo Sorozabalen Katiuska eta Guridiren El Caserío lanetako pertsonaiarik garrantzitsuenak interpretatu eta abestu zituen.
Estatu osoan eman ditu kontzertuak, bai bakarlari gisa, bai Aretxabaletako abesbatzarekin batera. Bartzelonan, Madrilen, Zaragozan, Valladoliden, Avilan, Salamancan, Asturiasen, Bilbon, Gasteizen eta Donostian abestu du.
2010ean, bakarlari gisa parte hartu zuen Loiolako Jesuiten komunitatearen sustatzaile Aita Nemesio Otaño Egino jesuitaren omenezko diskoan. 2011n, Madrilgo Arte Ederren Akademiako San Fernando aretoan abestu zuen, Aretxabaletako abesbatzarekin batera, Akademiak Aita Nemesio Otañori egindako omenaldian.
2012an, 3.000 pertsonaren aurrean abestu zuen, Opus Deiko Kantziler Handia ere horien artean zela, Iruñeko Unibertsitate Klinikaren 50. urteurrenean.
Azkoitia-Bergaran eta Loiolan antolatzen den Organo Erromanikoko Nazioarteko Zikloaren zenbait ediziotan parte hartu du, hala bakarlari gisa nola Aretxabaletako abesbatzarekin batera.