Igor Isusquiza Kirol zinegotziak aurkeztu du egitasmoa, Marta Pastor kiroletako foru zuzendariarekin, Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko ordezkariarekin, eta Miren Acedo programaren koordinatzailearekin batera.
"Aniztasun funtzionala duten pertsona guztiek, haur, gazte edo heldu izan, jarduera fisikoa egiteko aukera izatea nahi dugu, ezin baitugu ahaztu kirola guztion eskubidea dela, eta eskubide hori urraezina da", adierazi du Isusquizak.
2021ean, eskola-kirol egokituan aurrerapausoak emateko lan-sarea sortu zen, eta kirol-eskaintza zabaldu ahal izan zen. 2022-2023 ikasturtean zerbitzu berriak jarri ziren abian, eta ikasturte honetarako hobekuntza nabarmenak egin dira.
Foru Aldundiko kirol zuzendariak gogorarazi du Gipuzkoako ikasleen %7ak duela aniztasun funtzionala eta “bide honi jarraitu” behar zaiola. Marea Urdinako ordezkariak , bere aldetik, kirol egokituaren beharra azpimarratu du. “Onura fisiko eta mentalez gain, kirolak beste helburu batzuk ere baditu, eta aukera hori izatea zoragarria da”. Besteak beste, Aritz Orbegozoren hitzetan, kirolak aniztasun funtzionala duen pertsona etxean geratzea saihesten du, eta herrian eta kirol-guneetan bere burua ezagutzera ematea, eta jendeak bera ezagutzea. “Kirol mundua oso indartsua da tresna gisa inkusiorako eta oso beharrezkoa”, gehitu du.
Miren Acedo koordinatzaileak azaldu duenez, desgaitasuna duten haurrek, gazteek eta helduek astean bi arratsaldetan egin ahal izango dute ariketa fisikoa. Azken bi taldeek igeriketa izango dute egun batean, eta bigarren saioa, beste kirol modalitateren bat praktikatzeko erabiliko dute. Lehen Hezkuntzako haurrek, aipatutako bi saioez gain, igeriketako ordu erdiko beste bi saiotan parte hartzeko aukera izango dute. Iaz hamabi lagun inguru ibili ziren.
Informazioa nahi izanez gero, ikastetxeetan eska daiteke, edota Elkargunean, Miren Acedo koordinatzaileaz galdetuta.