Inbertsioen kapitulua 1.032.000,00 eurokoa da, aurrekontu osoaren % 6,16. Aurreikusitako jardueren artean daude, besteak beste, Madariagako pilotalekuaren (25.000 euro) eta Oteiza pilotalekuen eraberritzeak, landa bideen konponketa (100.000 euro), eta kirol-instalazioen hobekuntza (415.000 euro). Azken partida horretatik 360.000 euro erabiliko dira San Juango futbol-zelaia berritzeko. Aurrekontuetan azken esku-hartze horri lekua egin zaio, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 150.000 euroko dirulaguntza jasotzea espero delako, eta ondorioz, ez litzateke zuzena izango aukera hori galtzen uztea.
Halaber, bidegorrian bainugela publiko bat jartzea (35.000 euro) eta Hirigune Historikoa Berreskuratzeko Plan Estrategikoaren azterketa bat egitea aurreikusten da. Azterlana egiteko 20.000 euroko partida ezarri da. Aurrekontuetan bide publikoak berritzea ere aurreikusi da (100.000 euro).
Sustapen ekonomikoan ere jarri da fokua, 462.043,87 euroko partida aurreikusten baita horretarako. Kopuru horren zati bat Iraurgi Berritzen garapen eta berrikuntza agentziarentzat izango da.
Bestetik, Udalak 4.128.457,58 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara, aurrekontuaren % 24,63, hain zuzen. Kopuru horrek aurreko ekitaldiarekiko alderatuz, %8,69ko igoera suposatzen du.
Sailei zuzendutako partidei dagokienez, Gizarte Zerbitzuena izango da igoera handienetako bat, % 20ko igoerarekin. Nabarmen handitu dira etxez etxeko zerbitzuaren partida, gizarte-larrialdietarako laguntzak eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako laguntzak.
Gainera, Berdintasun eta Prebentzio arloa ez da Gizarte Zerbitzuen mende egongo, hemendik aurrera 193.000 euroko aurrekontua duen organo propioa izango delako, langile-gastuak eta bestelako gastuak barne. Hau da, aurrekontu osoaren %1,15 bideratuko da Berdintasun eta Prebentzio arlora. Besteak beste, nabarmen igo dira zenbait partida. Hala nola, ikastetxeetan garatzen den hezkidetza-programarena, emakumeen ahalduntze jarduerei dagokiena, indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio ekimenetarako ezarritakoa, edota eskoletan adikzioak prebenitzeko duten proiektuari dagokiona.
Halaber, Kultura eta Gazteria Sailak % 12,22ko igoera izango du, eta Kirolak eta Festen sailak % 14,49koa. Musika eta antzerki ekitaldien programaziorako 347.300 euroko partida aurreikusten da, 2022an baino 51.000 euro gehiago. Halaber, Gazteriak 397.100,00 euro izango ditu, aurreko kontuetan baino 59.200 euro gehiago. Era berean, 41.850 euro gehiago bideratu dira hainbat jai-ekitaldi programatzeko.
Igoera horiek ez dira islatzen iazko partidekin alderatuta. Izan ere, aurrekontuetan txertatu den aldaketetako bat eraikin eta ekipamendu publikoen mantentze eta energia-gastuak Lan eta Zerbitzuen barruan sartzea erabaki da. Orain arte, gastu horiek sail bakoitzaren kontuetan jasotzen ziren. Horregatik, 2022ko partidekiko alderaketak ez du islatzen benetan izan den igoera.Arrazoi beragatik, Lan eta Zerbitzuen partida 2.293.200,00 eurotik 2.898.500,00 eurora altxatu da. Aitzitik, argiteria publikoaren partida 40.000 euro murriztu da, LED argiztapenaren ezarpenaren ondorioz.
Partida zehatzei erreparatuta, Euskara sailari dagokionez, ikastaroetarako dirulaguntzak gehitu egin dira, eta partida berri bat aurreikusi da bertso-lehiaketa antolatzeko.
Ingurumen sailaren baitan, partidarik esanguratsuena Urola Erdiko Mankomunitateari bideratutakoa da, hondakinen bilketagatik 1.359.817,71 euro jasoko baititu.
2022 |
2023 |
|
OGASUNA eta PERTSONALA |
6.462.268,56 |
6.585.037,42 |
HIRIGINTZA |
1.154.960,69 |
630.000,00 |
KIROLAK eta FESTAK |
1.187.000,00 |
1.272.750,00 |
KULTURA eta GAZTERIA |
1.167.620,00 |
1.154.700,00 |
HEZKUNTZA eta EUSKARA |
354.755,00 |
232.755,00 |
GIZARTE ONGIZATEA, BERDINTASUNA eta MIGRAZIOA |
1.336.925,00 |
1.476.696,00 |
ALKATETZA |
133.000,00 |
149.000,00 |
LANAK eta ZERBITZUAK |
2.293.200,00 |
2.898.500,00 |
UDALTZAINGOA |
95.500,00 |
50.500,00 |
INGURUMENA |
1.752.017,36 |
1.721.017,71 |
SUSTAPEN EKONOMIKOA |
432.753,39 |
462.043,87 |
SAN JOSE EGOITZA |
68.300 |
68.300,00 |
ZUBIAURRE ELKARGUNE INSTITUTUA |
922.000 |
1.115.000,00 |
AZKOITIA LANTZEN |
837.045,27 |
3.245.092,00 |