Bertan, Soziolinguistika Klusterreko teknikariak, Belen Urangak, euskararen egungo errealitatearen inguruko zertzelada nagusiak emango ditu. Azkoitiko kaleetan zenbat euskara erabiltzen den azalduko du, erabilera delako hizkuntza baten egoeraren adierazle esanguratsuena eta fidagarriena.
Azterlanak jasotzen du adin talde bakoitzak kalean euskara zenbat erabiltzen duen, besteak beste. Lau urtez behin egiten denez, neurketak euskararen bilakaera ezagutzea ahalbidetzen du, eta gertutik jarraitzea gertatzen diren hizkuntza aldaketak.
Ikasleak plazan elkartuko dira
Urtero legez, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleak plazan elkartuko dira ostiralean 11:30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. 6 eta 16 urte bitarteko ikasleek hartuko dute parte ekitaldian. Euskararen aldeko aldarria plazan suziriarekin hasiko da. Jarraian Javier Zubizarreta alkateak hartuko du hitza udaletxeko balkoitik eta ikasleen ordezkariek euskararen aldeko bertsoak abestuko dituzte plazan. Ekitaldiari amaiera emateko ikasleek pankarta zintzilikatuko dute “Zahar eta Gazte, Jai eta Aste, Azkoitian Euskara Aske!” lelopean.
Sonakay, flamenkoa euskaraz
Larunbatean, abenduaren 3an, Sonakay taldeak kontzertua eskainiko du. Emanaldia Baztartxon izango da 19:00etan. Sarrerak aurrez eros daitezke www.azkoitia.eus/agenda edota www.entradium.com atarien bidez. Sonakay ijito euskaldunek osatzen dute, eta flamenkoa euskaraz egiten du taldeak. “Ijitoak bezala abesten dugu flamenkoa, eta euskaraz egiten dugu euskaldun bezala”, diote.