Bihar, larunbata, arratsaldez San Andres igeriketa saria eta XVII. Herri Lasterketa izango dira, Zubiaurre Igeri Elkarteak eta Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton elkarteak antolatuta, hurrenez hurren.
Eguneko une gorena danborradarekin iritsiko da. 11 taldek hartuko dute parte biharkoan eta eguraldiak laguntzen badu behintzat, danborjoleek eta publikoak hartuko dituzte kaleak. 22:00etan hasiko da danborrada eta ohiko ibilbidea izango du. Gurea pilotalekutik aterako dira danborjoleak eta Kale Nagusitik, Herriko plazara iritsiko dira. Plazan lau pieza joko dituzte eta handik Balda plazarantz abiatuko dira. Balda plazan beste hiru pieza jo ostean, Julio Urkixora joango dira, eta Julio Urkixotik, berriro, Kale Nagusitik barrena, Herriko plazara.
Igandean, berriz, Azkoitiko baserritarren produktuak erosteko aukera izango da Herriko plazan. Zazpi baserritarrek jarriko dute postua eta sasoiko eta kalitatezko produktuak izango dituzte erakusgai. Kontzejupean beste erakusketa bat izango da, bolillo lanena, hain zuzen.
Halaber, 11:00etatik aurrera, Garapenean Bidelagun azoka egingo da, Gobernuz Kanpoko Erakundeen partaidetzarekin. Garapen bidean dauden herrialdeetan egiten duten lanketa ezagutaraztea du xede ekimenak.
12:00etan, Bizkargi Musika Eskolako musikariak eta dantzariak, eta Txalkor Txistulari Taldea ibiliko dira kaleak girotzen. Eguraldi oso txarra egingo balu, Elkargunean eskainiko lukete emanaldia.
Beraz, festa giroa izango da nagusi datozen orduetan, herritarren gozamenerako.
Berriak
Asteburu bete-betea dute azkoitiarrek
San Andres egunaren atarian, asteburu bete-betea dute azkoitiarrek aurretik. Gaur gauean pilota izango da protagonista, eta lau eta erdiko txapeldunek eskuz binakako txapelketari emango diote hasiera Gurea Frontoian. Joseba Ezkurdia eta Julen Martija batetik, eta Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta izango dira norgehiagoka lehen mailako pilotarietan. Ikuskizuna bermatuta dago.